Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Igor Ijurra etxarriarrak zuzentzen duen Iruñeko Orfeoiak eta Kataluniako La Fura dels Baus taldeak bat eginen dute atzera ere. Beste behin, Carl Orff-en Carmina Burana eszenifikatua eskainiko dute elkarrekin. 2009an mustu zuten obra arrakastatsuaren bertsioa Donostiako Hamabostaldian eta ordutik, besteak beste, Iruñean, Katalunian, Murtzian eta New Yorken eskaini dute. Dagoeneko, hamar emanaldi eskaini dituzte elkarrekin. Orain, Frantziako Lyon hirian dute hitzordua. Les Nuits de Fourviere jaialdian parte hartuko dute. Iruñeko Orfeoiak eta La Fura dels Baus taldeak Lyongo Orkestra Sinfonikoa izanen du lagun, Ernest Martínez-Izquierdoren zuzendaritzapean. Iruindarrak ongi ezagutzen dituen zuzendaria da, Nafarroako Orkestra Sinfonikoko zuzendari titularra baita. Lehen aldiz, kalean interpretatu dute, erromatarren anfiteatro dotorena, eta ondorioz, megafoniaren premia izan dute. Atzo eskaini zuten lehen kontzertua eta gaur errepikatuko dute. Nafarrek ikusmina sortu dute eta sarrerak agortu egin dira. 2012ko udaberrian New Yorkera itzultzea espero dute. Argi dago Carmina Burana eszenifikatuak oraindik ere ibilbide luzea duela.