Sanferminek egitarau oparoa dakarte

Guaixe 2011ko uztailaren 8a

Sanferminetan herri kirol zaleek zita inportantea dute Iruñeko Foru plazan, uztailaren 8tik 14ra bitartean eguerdiro-eguerdiro. Aurten ere eskaintza zabala prestatu du Nafarroako Herri Kirol Federazioak. Jakina, kirolari sakandarrek ez dute huts egingo.Bihar Nafarroako kadeteen trontza txapelketaGuaixen kirolari sakandarrek egingo duten lana hartuko dugu hizpide. Horrela, bihar, larunbatean, Nafarroako kadete mailako trontza txapelketan ariko diren lau bikoteetatik Andra Mariko bi izanen ditugu lehian: Joanes Satrustegi-Alain Ansotegi, eta Gari Satrustegi-Izai Mauleon. Haiekin batera Berriozarreko Oier eta Imanol Kañamares eta Basaburua-Baztango Xabier Sarratea eta Gaizka Jauregi ariko dira. 100 zentimetroko enborrari 10 korte eman beharko dizkiote, etzanda. Igandean Nafarroako Binakako AizkoraIgandeko jaialdiaren barruan, Nafarroako Bikotekako Aizkolari Txapelketa jokatuko da. Hiru bikote ariko dira, eta tartean Floren Nazabalek Rekondorekin osatuko du bikotea. Aurkariak Larretxea aita-semeak eta Lopez-Senosiain izango dira. 12 enbor erdibitu beharko dituzte, 6 kanaerdiko eta 6 60 ontzako. Igandeko jaialdia ixteko, Aitor Oiarbide harri jasotzaile etxarriarrak erakustaldia eginen du.  Astelehenean proba konbinatuaAstelehenean, uztailaren 12an, herri kirolen proba konbinatuaren erakustaldia eginen dute kimuen mailako lau taldek: Araxesek, Igantzik, Basaburuak, eta Sakanako Andra Marik. Gure txikienak txingekin, zaku lasterketan, lasterketan eta koxkolak jasotzen ikusteko aukera polita izango da. Ostegunean Nafarroako 3. Mailako Aizkora kanporaketaSanferminetako herri kiroletan kirolari sakandarrek izango duten parte-hartzearekin bukatzeko, Sanferminetako azken egunean, uztailaren 14an, ostegunean, Nafarroako 3. Mailako Aizkora Txapelketako Kanporaketa hartuko du Iruñeko Foru plazak, eguerdian. 10 aizkolari ariko dira, tartean hiru sakandar: Goizeder Beltza etxarriarra, Aritz Goñi etxarriarra eta Iñaki Vazquez altsasuarra. Ondoko aizkolariak izango dituzte arerio: Esteban Pikabea, Eneko Saralegi, Angel Eraso, Iñaki Vazquez, Diego Riaño, Julen Olano, Joxean Etxeberria eta Javier Etxeberria. Bi kanaerdiko erdibitu beharko dituzte. Aipatutako jaialdiez gain, beste hainbat txapelketa eta herri kirol saio jokatuko dira Sanferminetan. www.herrikirolaknafarroa.orgSanferminetako herri kirol programazio guztia eta Nafarroako Herri Kirol Federazioaren informazio guztia.