Mendien zain

Guaixe 2011ko uztailaren 8a

Aurtengoa Tour konplikatua ari da izaten, hasiera-hasieratik. Erorikoak, faboritoen denbora galtzeak - lehendabiziko etapan minutu pasa galdu zuten Contadorrek eta Samuel Sanchezek, eroriko baten ondorioz tropela bitan zatitu eta biak atzean gelditu eta gero - , haizea, etapa gorabeheratsuak... egunero sorpresaren bat dago. Lehen astearen ondoren, liderra Garmin taldeko Thor Hushovd zen, Cadel Evansi segundo bat eta Frank Schlecki 4 segundo aterata. Alberto Contador 34.a da, 1:42ra, eta Samuel Sanchez 48.a, 2:36ra. Sakandarrei dagokienez, nahiz eta erorikoak izan, astea ongi salbatu dute eta lehian jarraitzen dute. Gorka Verdugo 55.a da, 3:20ra; Egoi Martinez 107.a, 9:26ra; Imanol Erbiti 110.a, 9:38ra; eta Pablo Urtasun 174.a, 26:49ra. Ildo honetan, astearteko etapan Imanol Erbiti ihesaldi nagusian sartu zen. 160 km eman zituen ihesi, beste lau txirrindulariekin batera, baina tropelak euren asmoak zapuztu zituen. DatorrenaGaur etapa laua dute jokoan, Le Mans eta Chateauroux artean, ziurrenik esprinterren artean erabakiko dena, eta asteburuan Erdialdeko Mendigunean murgilduko dira txirrindulariak, mendiekin lehendabiziko kontaktu serioa eginez. Erdi mailako mendi etapak izango dira larunbatean eta igandean jokatuko direnak, baina faboritoak agertuko dira bertan. Larunbatean Aiguranden hasi eta 3. mailako Super Besse Sancy portuan despedituko da etapa, aurretik laugarren mailako portu bat eta 2. mailako Croix Saint Robert portua, azken hau helmugatik oso gertu, pasa eta gero. Etapa gorabeheratsua izango da, baina igandekoa oraindik are gehiago: Issoire eta Saint Flour artean 2., 3. eta 4. mailako 7 portuei egin beharko diete aurre txirrindulariek, Perthuseko portua tartean, etengabe gora eta behera arituz, zangoak txikitu arte. Ostegunean, Tourmalet eta Luz ArdidenAstelehenean merezitako atseden jardunaldia izango du Tourrak, eta astearte eta asteazkenean etapa nahiko lauak izanen dira jokoan, esprinterrendako azken aukerak, ostegunean Pirinioetara heldu eta goi mailako mendi etapa izanen baitute: Cugnaux-Luz Ardiden. Euskaldunez beteta izango den ibilbidean, Hourquette d´Ancizan gainditu beharko dute lehenik txirrindulariek, ondoren Tourmalet mitikoari ekiteko. Eta etapa bukaera Luz Ardiden gainean izanen da. Egunero Tourra ikusgarria bada, aipatu etapak are gehiago, faboritoen arteko erasoak ez baitira faltako. Contadorrek eta Sanchezek, behintzat, kontra duten denbora aldea gutxitzeko gogor egin beharko dute lan. Ea gure txirrindulariek zaleen babesa gertutik sumatzen duten eta euren liderren aldeko lan sendoa egiteko aukera duten. Euskaltelek 10 urte TourreanAipagarria da atzoko egunarekin, duela 10 urte, Euskaltel Euskadi taldeak lehen aldiz Tourrean parte hartu zuela. Hamarkada bat geroago txirrindularitza profesionaleko proba ezagunenean jarraitzen du. Txirrindularitzak egun bizi duen egoera ikusita, ez da nolanahiko marka. 1994an hasita, Euskaltel-Euskadi taldea pelotoian urte gehien daraman egituren artean dago, Lotto (1985) eta Movistar (1996) taldeen ondoren. Euskal taldeak, pelotoi profesionaleko aurrekontu txikienetakoarekin, lan eredugarria egin du. Gogoangarria da Laisekak 2001eko Tourrean lortutako garaipena. Historia egiten ari den euskal taldean toki nabarmena izan dute Sakanako txirrindulariek. Gaur egun taldekide dira Egoi Martinez eta Gorka Verdugo etxarriarrak, Pablo Urtasun urdiaindarra eta Jorge Azanza altsasuarra. Bertan izan ziren ere Iker eta Igor Flores anaia urdiaindarrak.