Erorikoen Tourra

Guaixe 2011ko uztailaren 11

Frantziako Tourra txirrindularitza probarik inportanteena dela ez dago zalantzarik, baina Tour honetan gertatzen ari dena ikusita ez dago oso argi Tourreko antolakuntzak maila hori duenik. Atzo gertatutakoak ez du izenik. Tourreko telebista seinalearen produkzioa egiten duen Euromedia enpresako auto bat ihes eginda zegoen boskoteko Sky taldeko Flecha txirrindularia aurreratzen hasi zen, baina txirrindulariari bete-betean jo zion, Flecha lurrera joanez, eta honek Vacansoleil taldeko Hoogerland aurrera eramanez. Helmugara 16 minutura heldu ziren biak, odolez beteta eta kolpatuta. Gertakari honi asteazkenean gertatutakoa gehitu behar zaio. Motor batek Saxo Bank taldeko Niki Sorensen lurrera bota zuen eta bere bizikleta kilometro batez arrastaka eraman zuen. Hau onartezina da, eta atzo bertan Tourreko zuzendari Christian Prudhommek barkamena eskatu zien txirrindulariei eta taldeei, halako istripuak "gehiegizkoak eta eskandalagarriak" direla adieraziz. Antolakuntzak motorra eta ibilgailuetako gidariak kaleratu ditu, baina emandako irudia ez da, inolaz ere, garbitu. Gertakari horiei Tourra hasi zenetik izandako erorikoak, eta, ondorioz, proba utzi behar izan duten txirrindularien zerrenda luzea gehitu behar zaie. Erorketak faboritoengan ere izan dute eragina, eta atzo Vinokourov, Vandenbroeck, Zabriskie eta Willems txirrindulariek utzi behar izan zuten Tourra, helmugarako 100 kilometroren faltan, col du Pas de Peyrolen jaitsieran 30 txirrindulari inguru lurrera joan ostean eta min handia hartu eta gero. Sekulako sarraskia izan zen. Aurretik Euskalteleko Amets Txurrukak etxerako bidea hartu behar izan zuen. Bere aurrean zioan Zubeldia lurrera joan eta gero, ezin izan zuen ezer egin eta lurrera joan zen, lepauztaia apurtuz. Horretaz gain, atzo ere erorikoa izan zuen Alberto Contadorrek - Tour honetan hainbatetan joan da lurrera - , eta belaunak nola erantzungo ote dion kezkatuta dago madrildarra. Eta hauei aurreko egunetan baja hartu behar izan duten txirrindulariak gehitu behar zaizkie. Momentuz 15 txirrindularik utzi behar izan dute Tourra, tartean Wiggins, Horner eta Brajkovic faboritoak. Sakandarrek bidean jarraitzen duteEgoera honek nahasmen eta urduritasun handia sortzen du tropelean egunez egun. Autoak eragindako istripuaren ondorioz, ihes egindako boskotetik hirukotea heldu zen helmugara, eta Rabobankeko Luis Leon Sanchez izan zen azkarrena. Faborito nagusiak 3:59ra sartu ziren. Sakandarrei dagokienez, Tourrean jarraitzen dute eta dagoen egoera kontuan hartuta, hori asko da. Gorka Verdugo 44.a izan zen, 4:39ra, EGoi Martinez 45.a, denbora berean, Imanol Erbiti 72.a, 5:58ra, eta Pablo Urtasun 107.a, 13:17ra. Ildo honetan aipatu beharra dago Pablo Urtasun ostiraleko etapako ihesaldian sartu zela, baina tropelak ihes egindakoak harrapatu zituztela. Atzoko etapak ere lider aldaketa ekarri zuen. Europcar taldeko Thomas Voeckler da lider berria, Luis Leon Sanchez 1:49ra eta Cadel Evans 2:26ra dituela. Scheleck anaiak laugarrena eta bosgarrena dira, bi minutu pasara, eta Alberto Contador eta Samuel Sanchez lau eta bost minutura daude. Sakandarrei dagokienez, Gorka Verdugo 45.a da, 10:32ra; Egoi Martinez 49.a, 13:06ra; Imanol Erbiti 63.a, 20:26ra; eta Pablo urtasun 161.a, 58:16ra. Gaurko atseden jardunaldia ongi etorriko zaie txirrindulariei. Erorikoengatik jota, "izututa" zeudela onartu zuten askok.