Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ostiralean Iruñeko Orfeoiak eta La Fura dels Baus taldeak ikuskizun arrakastatsua eskaini zuten Lyongo (Frantzia) Fournière antzoki erromatarrean. Bezperan, ostegunean, mustu behar zuten Carl Orff-en Camina Burana eszenifikatua, baina azken orduko euri jasaren ondoren, bertan behera geratu zen emanaldia. Arrisku hori du kanpoan abesteak. Hala ere, ostiraleko emanaldiak musika zaleak ase zituen. Igor Ijurra etxarriarrak zuzentzen duen Iruñeko Orfeoiak eta Kataluniako taldeak txalo zaparrada jaso zuten. Bi taldeak urduri atera ziren antzokira, Lyongo antzokian emanaldi hutsa baino gehiago baitzuten jokoan. Jakin bazekiten ikuskizun arrakastatsu batek Europako zenbait jaialditako ateak irekiko zituela. Eta ez zuten huts egin. Duela hiru urte Carmina Burana obraren bertsio berritzailea Donostiako Hamabostaldian mustu zutenean bezala, ikuskizun koloretsua eta ikusgarria eskaini zuten: orkestra tul zilindroaren barruan eta Iruñeko Orfeoia haren bi aldeetan kokatuta, bakarlariak eta La Fura dels Baus taldeko antzezleak ametsen mundua irudikatzen dute. Ikuskizuna purista batzuen gustukoa ez bada ere, Orfeoiko kudeatzailearen hitzetan, "ikus-entzunezko obra erakargarriak ikusle gehiagorengana iristeko aukera ematen du". Obrak ikusleengan sortzen duen ikusmirari esker, Iruñeko Orfeoiak Europan barna bidaiatzen jarraituko du eta, harekin batera, Etxarriko zuzendari Igor Ijurrak eta Iruñeko taldean abesten duten sakandarrek. Hurrengo helburuak London, Amsterdam eta Italia izan daitezke.