Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aisialdirako eta algararako hamaika aukera daude egunotan sanferminetan. Takonerako Oinez txokoak, festetaz euskaraz gozatzeko aukera eskaintzen du. Esaterako, larunbaterako bertso-saioa antolatu zuten. Urtetik urtera, Bertsozale elkarteak antolatutako emanaldiak entzule gehiago ditu. Ordubeteko saioak ehun bat bertsozale bildu zituen. Bertaratu zirenek Oskar Estanga, Unai Iturriaga, Amets Arzallus eta Eneko Lazkozen hitz jolasekin gozatzeko aukera izan zuten. Larunbat eguerdiko eguzki izpi indartsuetatik ihesi, itzalean jarri ziren ikusleak, bertsolarien komentarioak piztuz. Anbustegi baztandarraren gaiei erantzunez, bertsolariek sanferminetaz aritu ziren nagusiki: Estangaren janzkera batetik eta euskal txokoa bisitatu zuen peña bestetik, umoretsu aritu ziren bertsolariak. Eneko Lazkoz etxarriarrak Iruñeko alkatearen papera hartu zuen eta gainerako bertsolarien kritikak eta laudorioak entzun behar izan zituen, azken horiek okerraren ondorio izan baziren ere. "Barkatu, baina uste nuen zinela Jon Maia" esan zuen Iturriagak. Bertso festa bazkal garaira arte luzatu zen.