Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzoko atsedenaldia primeran etorri zaie Tourrean dabiltzan txirrindulariei. Lehen astean izandako erorketak atzean utzi nahi dituzte denok. Gaur eta bihar trantsiziozko etapak izango dituzte, eta ostegunean bete-betean murgilduko dira Pirinioetan, Tourmaleta pasa eta Luz Ardidenen despedituko den etapa ikusgarria baitago jokoan. Hortaz, faboritoak Pirinioei eta Alpeei begira daude. Erorketen ondorioz, makina bat faboritok hartu behar izan du etxerako bidea - Brajkovic, Horner, Wiggins, Van den Broeck, Vinokurov eta beste - eta beste asko min hartuta daude, Leipheimer eta Gesinken kasua. Alberto Contadorrek ere hiru erorketa izan ditu Tourrean barna eta %100ean dagoen ez dago jakiterik. Madrildarrak onartu du kezkatuta dagoela bere eskuineko belaunarekin. Hala ere, egun bera da faborito nagusia, Evans eta Schleck anaiekin batera, eta Pirinioetan erasoa joko duela espero da. Berak aipatu duenez, "sentsazioen arabera" joko ditu erasoak.Bestetik, 14 euskal txirrindularik ekin zioten Tourrari, eta horietatik lau etxean daude: Euskalteleko Iban Belasko eta Amets Txurruka, Movistarreko Beñat Intxausti eta Rabobankeko Juanma Garate. Lau sakandarrek - Euskalteleko Egoi Martinez, Gorka Verdugo eta Pablo Urtasun eta Movistarreko Imanol Erbiti - zorionez munduko lasterketa inportanteenean jarraitzen dute. Gaur 10. etapa jokatuko da, Aurillacen hasi eta Carmauxen despedituko dena, 158 km-koa. Etapa gorabeheratsua da, tartean hirugarren mailako bi portu eta laugarren mailako bi portu izanen direlako. Europcar taldeko Thomas Voeckler da liderra, Luis Leon Sanchez 1:49ra eta Cadel Evans 2:26ra dituela. Scheleck anaiak laugarrena eta bosgarrena dira, bi minutu pasara, eta Alberto Contador eta Samuel Sanchez lau eta bost minutura daude. Sakandarrei dagokienez, Gorka Verdugo 45.a da, 10:32ra; Egoi Martinez 49.a, 13:06ra; Imanol Erbiti 63.a, 20:26ra; eta Pablo Urtasun 161.a, 58:16ra.