Aralarko Mikel Donea institutuaren ahotsa

Guaixe 2011ko uztailaren 14a

Kalean da Kartapazio aldizkariaren azken alea. Aralarko Mikel Donea bigarren hezkuntzako institutuak 1999tik argitaratzen du aipatu aldizkaria. Ikasturteak Altsasuko institutuan utzi duenaren berri izateko modu atsegina da. 2010-2011ko aleak urtearen errepasoa egiten du 36 orritan. Institutuko ikasleek lan ederra egin dute. Ikusita dago Aralarko Mikel Donea institutuan erredaktore talde paregabea hezten ari dela. Sakanan kazetari harrobi bikaina dugu. EdukiaAniztasuna da Kartapazio aldizkariaren ezaugarri nagusia: bisita artikuluak, gaurkotasuneko gaiak, fotonobelak, lehiaketak, inkestak, elkarrizketak, agenda eta beste ditu. Errioxako San Millan de la Cogollara egindako bidaiaren erreportajeak irekitzen du aldizkaria. Gaurkotasun gaiekin jarraituz, aldizkariak kirol txapelketen, argazki lehiaketaren eta institutuko antzerki taldearen berri ematen du. Bestalde, batxilergoko 1. mailako ekonomiako ikasleek Sakanako enpresek krisi garaian bizi duten egoera aztertzen dute. Ikasleek zaborren bereizketa selektiboari buruzko inkesta interesgarria egiten dute. Badirudi Sakanako gazteek eta irakasleek ingurugiroa babesteko beharra barneratu dutela. Institutuko ordezkariek Jose Luis Arrieta txirrindulari handia elkarrizketatu dute. Uhartearrak bizikleta gainean egindako ibilbidea errepasatzen du eta zuzendari lan berriaz mintzatzen da. Sakanako bigarren hezkuntzako institutuko ikasleak eleanitzak dira. Euskara eta gaztelania dira aldizkariko hizkuntza nagusiak, baina badira ingelesez eta frantsesez dauden artikuluak ere. Aipagarria da antzerkia eta komikia uztartzen dituen fotonobela paregabea. Aisialdirako jarduerak ere badaude.  Amaitzeko, gogoan izan dituzte tren istripuan zendu ziren Garazi eta Naiara ikaskideak. Bertso hunkigarriak eskaini dizkiete.