Pirinioek edo Alpeek?

Guaixe 2011ko uztailaren 15a

Orain arte erorketa amaigabeek "motor eta autoek txirrindulariak kolpatzea barne" baldintzatu dute Tourra, eta txirrindulari askok, faboritoak barne, etxerako bidea hartu behar izan dute. Baina iritsi da benetako ordua, txirrindulari bakoitza bere tokian jarriko duen aroa. Atzotik aurrera Pirinioetan murgildu da munduko txirrindularitza probarik garrantzitsuena. Larunbatera bitartean goi mendiko etapak jokatuko dira. Igandean trantsiziozko etapa jokatuko da, Alpeetara bidean. Astelehenean merezitako atsedena hartuko dute txirrindulariek, eta asteartetik aurrera Alpeetan murgilduko dira. Hortaz, egun gogorrak espero dira, faboritoen erasoak eta Tourraren irabazlea nor izanen den argituko duten egunak. Baina nork erabakiko du gehiago, Pirinioek edo Alpeek? Batzuk Contadorren erasoa espero dute Pirinioetan, baina beste askorendako Alpeek eta garilaren 23ko erlojupekoak erabakiko dute. Ikusi behar.Atzo Samuel Sanchezek irabazitako etapa ikusgarria jokatu zen Pirinioetan. Lehen mailako La Hourquette d´Ancizan eta kategoria bereziko Tourmalet pasa eta gero, Luz Ardiden gainean (1715 m) despeditu zen etapa. Gaur Pau-Lourdes etapa jokatuko da, tartean kategoria bereziko Col d´Aubisque gogorrarekin, eta larunbatean beste goi mendiko etapa izugarria: igo beharreko mendien artean lehen mailako col de la Core, col d´Agnes eta kategoria bereziko Plateau de Beille. Hortaz, txirrindulariendako egun gogorrak datoz.Sakanako txirrindulariek erorketak gainditzea eta Tourrean jarraitzea lortu dute. Gauza egon den moduan ez da gutxi. Euskalteleko hiru sakandarrek, Gorka Verdugok, Egoi Martinezek eta Pablo Urtasunek, bereziki lehendabiziko biek, Samuel Sanchez liderra babestu beharko dute, maldan gora berarendako lan gogorra eginez. Asturiarra aurrean, faboritoen artean egotea da erronka eta etapa garaipen bat lortzea. Imanol Erbitik ere Movistarren aginduak jarraitu beharko ditu.Pirinioak zalez betetaPirinioetako maldak euskal zalez beteta daude; beste behin ere marea laranjak ez du huts egin. Tartean daude Sakanako zale asko. Euskal selekzioaren ofizialtasunaren aldarria egiteko ESAITek Luz Ardidenen jarri zuen kanpalekua eta euskal festa izan zen bertan. Gainera, atzo bizikleta martxa egin zuten Luz Ardidenen. Behin baino gehiagotan adierazi dutenez, txirrindulariek gogoz eskertzen dute gertuko zaleen babesa. Ea aurrera jarraitzeko hatsa ematen dien.Asteartetik aurrera AlpeakIgandean trantsiziozko etapa jokatuko da, Limoux eta Montpellier artean, Alpeetarako bidean. Astelehenean merezitako atsedena hartuko du tropelak, eta asteartetik aurrera Alpeetan murgilduko dira. Bereziki gogorrak izango dira mendatez jositako asteazkeneko etapa, Galibierren (2645 m) despedituko den osteguneko etapa eta atzera ere Galibier pasatuta Alpe d´Huezen despedituko den ostiraleko etapa. Hortaz, ikuskizuna ziurtatuta dago.