Ehunmilak Ultra Traila helburu

Guaixe 2011ko uztailaren 15a

Asteburuan Arrastaka elkarteak antolatutako Ehunmilak Ultra Trail lasterketa jokatuko da Gipuzkoako mendietan barna. 168 km-ko lasterketa da, 11.000 metroko desnibel positiboa eta 11.000 metroko desnibel negatiboa dituena. 168 km luzeko ibilaldia da eta mendi bat bestearen atzetik izanen dute zain korrikalariek. Arrastaka taldeak antolatuta, Beasain izango du irteera eta helmuga. Pasa den urteko edizioaren arrakasta ikusita - 260 korrikalarik hartu zuten irteera eta askok utzi behar izan uzten, gogortasunagatik - , aurten ultratrailaren II. edizioa antolatzea erabaki zuen Arrastaka taldeak.Zazpi sakandarUltratrail gogor hau egitera makina bat mendi korrikalari animatu dira, tartean sakandarrak. Aurretik izena eman dutenen artean daude Iker Bueno, Javier Ignacio Gonzalez, Aitor Begiristain, Aitziber Larrion eta Jone Pelaez altsasuarrak, Nourdine Jdi lakuntzarra eta Patxi Rubio uhartearra, baina litekeena da Aitor Begiristain ez aritzea, lesionatuta baitago.Lasterketa gaur aterako da Beasaindik, 18:00etan, eta antolakuntzak aurreikusten du lehendabiziko korrikalariak bihar, larunbatean, 16:00etatik aurrera helduko direla toki berera, Beasainera. Azkenak igande arratsean iritsiko dira. Ondoko mendiak pasa beharko dituzte: Izazpi (967 m.), Irimo (896 m.), Hirukurutzeta (895 m.), Erlo (1.026 m.), Ernio (1075 m.), Txindoki (1346 m.), Ganbo (1.402 m.), Aizkorri (1.528 m.) eta Andraitz (1432 m.), besteak beste. Lehendabizikoek 500 euroko saria eta txapela jasoko dituzte, bigarrenek 300 euro eta garaikurra eta hirugarrenek 200 euro eta garaikurra.Joan den urteko ultratraila oso gogorra suertatu zen, eguraldiak are gehiago gogortu baitzuen proba. Jone Pelaez hirugarrena izan zen emakumezkoetan (41:32:44) eta gizonetan Nourdine Jdi Baba lakuntzarrak proba bukatzea lortu zuen, 95.a sailkatuz (45:01:54). Iker Bueno eta Patxi Rubio erretiratu behar izan ziren.Bestalde, antolakuntzak 82 km dituen ibilbide laburragoa prestatu du, G2 Handiak izena duena eta 6.500 metroko desnibel positiboa duena. Beasaindik aterako da ere eta kasu honetan Aizkorri eta Txindoki igoko dituzte.