Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Saxo Bankeko liderrak esana zuen "ez zela geratuko erasorik jo ez izanaren penetan" eta hitza ondo bete du. Atzo Alpeetara bideetako etapa zegoen jokoan Tourrean, printzipioz erabakiorra ez zena, trantsiziozkoa, helmugatik gertu soilik bigarren mailako Col de Manse portua zuena, baina hor lehertu zuen lasterketa Contadorrek. Tourreko lehendabiziko astean hiru eroriko izan eta belaunean arazoak izan ondoren, Pirinioei eutsi egin zien eta badirudi Alpeetan zer esana emango duela madrildarrak. Atzo ia Tourra hankaz gora jartzeko zorian egon zen Contador. Etapa hasi eta berehala erasoak izan ziren tropelean. Ustez etapa garaipena zegoen soilik jokoan, eta tropelak ihesaldia aurrera egiten utzi zuen. Horrela, taldetxo bat aurrean jarri zen eta mendatearen ondoren Hesjedal, Hushovd eta Hagen geratu ziren buruan. Hushovdek erasoa jo eta bera izan zen Gapen bukatzen zen etaparen garailea, Tourrean bigarren garaipena lortuz. Bitartean, atzerago, euripean bi eraso gogor jo zituen Contadorrek helmugako 10 km pasa falta zirenean, eta orain arteko mendate handienetan baino min gehiago egin zuen. Soilik Evansek eta Samuel Sanchezek erantzun ahal izan zioten Contadorren bi erasoei, eta portua jaisten atera zuten alderik handiena. Andy Schlek jota geratu zen bigarren erasoan, ezinean, eta Bassok, Voeckler liderrak eta Frank Schlekek ere abisua jaso zuten. Ihesaldia arrakastaz burutu zuten txirrindularien atzetik, Cadel Evans izan zen azkarrena, 4:23ra, eta 4:26ra sartu ziren Contador, Samuel Sanchez, Rojas, Gilbert, Frank Schleck eta beste. Aldiz, Andy Schleckek minutu pasa gehiago behar izan zuen, 5:32ra sartu baitzen. Sakandarrak oso ongiTxirrindulari sakandarrek primerako maila eman zuten atzoko etapan. Samuel Sanchez liderra babesteko lanetan, faboritoen multzoan sartu zen Egoi Martinez, Contador eta Sanchezekin batera, eta minutu pasara heldu zen Gorka Verdugo, Andy Schlecken multzoan. Pablo Urtasunek nahikoa egin zuen, Pirinioetan erori eta gero minduta eta aldakan puntuak dituela baitabil urdiaindarra. 12:30era sartu zen. Imanol Erbiti atzerago heldu zen, 15:06ra. Sailkapen orokorrean aldaketakThomas Voecklerrek jarraitzen du lider, baina aldeak txikitzen ari dira. Atzoko etapa eta gero Cadel Evans bigarrena da, 1:45era, Frank Schleck hirugarrena, 1:49ra, Andy Schleck laugarrena, 3:03ra, Samuel Sanchez bosgarrena, 3:26ra, eta Alberto Contador seigarrena, 3:42ra. Alpeetako goi mendiko hiru etapa gogor eta erabakiorren bezperatan hori da panorama. Liderrak Alpeetan emango duen maila ikusteko dago, Evans bikain dabil, indartsuena da, Contador Alpeetan zer esana emateko prest, berpizten, Samuel Sanchez maila onean eta Schleck anaiak atzo behintzat nahiko justu. Sakandarrei dagokienez, Gorka Verdugo 24.a da, 17:42ra; Egoi Martinez 39.a, 34:43ra; Imanol Erbiti 92.a, 1:32:48ra; eta Pablo Urtasun 163.a, 2:30:28ra. GaurkoaHortaz, etapa ikusgarriak espero ditugu, Tourra pil-pilean baitago, aspaldiko partez inoiz baino zabalago. Gainera, eguraldi txarrak zeresan handia izango du. Gaur Alpeetako lehen etapa ikusgarria jokatuko da, Gap eta Pinerolo artean (173 km). 3. mailako Sainte Marguerite, 3. Mailako La Chaussee, 2. Mailako Montgenevre, lehen mailako Sestrieres eta 2. Mailako Pramartino gainditu beharko dituzte. Ea zer nolako selekzioa egiten duten gaur Alpeek. Ostegunean Galibier mitikoan despedituko da etapa (2.645 m). -2 eta -8 arteko tenperatura espero da eta elurra dago goian. Antolakuntzak egunean bertan hartuko du aldaketaren bat edo beste egingo ote duenaren erabakia.