Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aurtengo Tourrak emozioa duela ezin du inork ukatu. Atzo ere, gaur etapa nagusienak hasteko bezperan, aparteko garrantzirik gabeko etapan, ikuskizun ederra izan zen. Ausardiaren eguna izan zen, erasoak jotzeko eguna, eta bata bestearen atzetik etorri ziren. Eguneko heroia Euskalteleko Ruben Perez izan zen. Eguneko ihesaldian sartu zen, 14 txirrindulariz osatutakoan, eta Sestrieren jo zuen erasoa. Bakarrik igo zuen mendate gaina eta jaitsieran sutsu aritu zen, baina Pramartinon gora ihesaldi kideek harrapatu zuten. Chavanelek erritmo aldaketa ezarri eta soilik Boasson Haagenek erantzun ahal izan zion. Helmugarako 11 km-ren faltan, mendate gainerako hiru kilometrotara, aurrea hartu zuen Haagenek eta bakarrik heldu zen helmugara. 40 segundora sartu zen Mollema, 50era Casar, Chavanel eta beste, eta 2:37ra Ruben Perez. Faborito nagusiei dagokienez, batuta igo zuten Sestriere. Pramartinon erritmo saiaketekin saiatu zen Alberto Contador. Schlecktarrak maldan behera ongi moldatzen ez direla jakitun, Contadorrek eta Samuel Sanchezek erasoa jo zuten beherantz. Tourrean ongi moldatzen ari dira madrildarra eta asturiarra. Elkarrekin egin zuten lan, tartea irekiz, baina bukaeran faboritoek harrapatu eta batera iritsi ziren helmugara, 4:26ra. Thomas Voeckler liderrak 27 segundo jaitsi zituen, jaitsieran bi susto izan eta errepidetik atera eta gero. 4:53ra sartu zen, Bassorekin batera. Sakandarrak eutsizSakandarrei dagokienez primerako maila ematen jarraitzen dute. Euskalteleko Egoi Martinezek eta Gorka Verdugok lan ona egin zuten Samuel Sanchezendako eta 39.a eta 40.a izan ziren helmugan, 5:56ra. Haien taldekide Pablo Urtasun okerrago pasatzen ari da, Pirinioetako erorikoaren ondoren jota minduta baitago. Nahikoa eta aski du eustearekin eta tropel nagusiarekin heldu zen helmugara, 14:15era. Talde horretan ere heldu zen Movistar taldeko Hiriberriko Imanol Erbiti. Sailkapen nagusian Thomas Voeckler liderrak segundoak galdu zituen. Hala ere minutu bat eta 18 segundo ateratzen dizkio Cadel Evansi, 1:22 Frank Schlecki, 1:36 Andy Schlecki, 2:59 Samuel Sanchezi eta 3:15 Alberto Contadorri. Sakandarrak aintzat hartuz Gorka Verdugo bikain dabil. Etxarriarra 24.a da, 18:45era; Egoi Martinez 35.a, 35:46ra; Imanol Erbiti 91.a, 1:42:10era, eta Pablo Urtasun 162.a, 2:39:50era. GalibierGaur sofan eseri eta ez mugitzeko eguna da. Alpeetako goi mendiko etapa nagusia dago jokoan. Pinerolon hasita, lehenik eta behin Agnel (2.744 m) eta ondoren Izoard (2.360 m) mendate gogorrak igo beharko dituzte, Galibier (2.645 m) mitikoan bukatzeko. Maila bereziko mendateak hirurak. Gogortasuna gehiago areagotzeko, elurra ez da faltako. Faboritoak eraso egin beharko dute bai hala bai, Alpeetan erabakiko baita aurtengo Tourra. Ikusi behar Voeckler liderrak zein maila ematen duen eta faborito nagusien mugimenduak zeintzuk diren. Ea txirrindulariek zaleen berotasuna - euskaldun asko daude Alpeetan, tartean sakandarrak - eta haien animoak xurgatzeko aukera duten.