Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sanferminetako azken egunean Nafarroako III. Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketa jokatu zen. 10 aizkolari aritu ziren, tartean hiru sakandar: Iñaki Vazquez altsasuarra eta Goizeder Beltza eta Aritz Goñi etxarriarrak. Beste zazpi aizkolarirekin aritu ziren: Eneko Saralegi, Diego Riaño, Angel Eraso, Javier eta Joxean Etxeberria, Julen Olano eta Esteban Pikabea. Bi kanaerdiko erdibitu behar izan zituzten.Lehen bost aizkolariek abuztuaren 19an Burlatako Ezkabazabal plazan jokatuko den finalerako txartela lortu zuten. Aizkolari sakandarrek primerako maila eman zuten eta guztietan azkarrena Iñaki Vazquez izan zen (4:26). Altsasuarrak 36 segundo atera zizkion Goizeder Beltza etxarriarrari (5:02). Haiekin batera Eneko Saralegi (5:08), Diego Riaño (5:14) eta Angel Eraso (5:20) sailkatu ziren Burlatako finalean aritzeko. Tamalez, Aritz Goñi atean geratu zen, seigarrena izan baitzen kanporaketan (5:41), finaletik kanpo geratuz.