Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
2007ko uztailean, Hendaiako hondartzan nengoela, Guaixetik dei bat jaso nuen ea literatur kolaborazioak egiteko prest ote nengoen galdetzen zidana. Ez nuen asko pentsatu behar izan baietz erantzuteko harrotasun puntu batez, aitor dezadan.Geroztik, azkeneko lau urteetan, hilabetean behin, lerro hauetatik liburu desberdinak gomendatu dizkizuet: literatur jenero desberdineko liburuak; heldu nahiz haur eta gazte literatur liburuak; argitaratu berri nahiz liburu klasikoak; batzuetan irakurtzeko zailak, gehienetan irakurterrazak...Irakurtzen animatu eta, gainera, euskaraz? Bai, euskal eta euskarazko liburuak irakurtzen animatu, euskaraz irakurtzeak ere merezi duelako.Victor Morenok dioen bezala, irakurtzea maite dugunok gure inguruko guztiak gu bezalakoak izatea, irakurle, nahi izaten dugu. Ez naiz, ba, hasiko irakurtzeak dakartzan onurak aipatzen, gauza bakarrarekin geratuko naiz eta horixe luzatu nahi dizuet: PLAZERA DA IRAKURTZEA. Deskubritu ezazue gustuko literatur jeneroa, berdin baita poesia, ipuina, komikia, eleberri beltza, abenturazkoa, klasikoa, best-sellerak...; betiko liburuak edo liburu elektronikoak...; edizio dotoreak edo poltsikokoak...; gaiaren araberakoak... Irizpideak norberak markatzen ditu.Batzuetan ez dugu jakiten zer irakurri, horrenbeste aukera dago eta! Gure liburutegietako arduradunengana jo dezakegu edo liburu-dendariei galdetu edo argitaratzen diren kritikak aintzat hartu edo lagunak irakurri duen azkena edo ... Guaixek gomendatuko diguna!Asko dira aipatu gabe gelditu diren argitalpenak , ( edo alderantziz: gutxi batzuk izan dira aurkeztu direnak), hala ere, espero dut astekariko txoko honetatik gomendaturiko libururen bat gustura irakurri izana eta horrek beste bat irakurtzera animatzea eta horrela, geldi-geldi, zaletzea; irakurtzea plazera baita, norberarena, espazio eta denbora batekoa eta, gainera, uno la puede utilizar para vestirse de calle o de domingo, Morenok esaten duen bezalaxe. Irakurle eta irakurlegai guztioi.