Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sekulako arrakasta izan du Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak Atabo Altsasu enpresaren, Nafarroako Kirol Institutuaren eta Nafarroako Triatloi Federazioaren laguntzarekin Altsasun antolatutako Udako Triatloi Campusak. Aurretik triatloi eskolak antolatu izan ditu Kirol Zerbitzuak, baina ez dira atera. "Ez dakit udako jarduera bezala antolatu ditugulako, edo ikastetxe guztietan informazioa zabaldu eta ahoz ahokoak ongi funtzionatu duelako, baina 25 neska-mutikok eman dute izena eta oso kontentu gaude" adierazi du Amaia Gerrikagoitia kirol teknikariak.8 eta 16 urte bitarteko gazteek astelehenean hasi zuten Udako Triatloi Campusa eta garilaren 29ra arte luzatuko da. Astelehenetik ostiralera ariko dira, 11:00etatik 13:00etara Sakana Triatloi Taldeko hiru monitoreen esanetara: Urko Berdud, Aitor Mozo eta Mikel Lakuntza. Atletismoa, igeriketa eta txirrindularitza elkartzen dituen jarduera honetan murgiltzeko teoria eta praktika uztartuko dituzte, kirol bakoitza landuz eta kirol batetik bestera egin beharreko trantsizioak prestatuz.Sakanako IX. Haur Triatloian ariko diraIgeriketa Zelandi kiroldegian, Dantzaleku igerilekuetan eta Urdiaingo igerilekuetan landuko dute, txirrindula Zelandi pilotalekuan ginkana eginez eta Dantzaleku basoan barna, eta korrika Dantzaleku atletismo pistan. Kirol batetik bestera landu beharreko trantsizioak Zelandiko jolastokian eta beste eginen dituzte. Horretaz gain, ostegunean Urdiaingo igerilekuetara joango dira, larunbatean jokatuko den Sakanako IX. Haur Triatloian ariko baitira 25 gaztetxoak, eta ibilbidea gertutik ezagutzera hurbilduko dira.Ikastaroa behar bezala bukatzeko, azken egunean, garilaren 29an, irteera eginen dute Zarautzera.