Daniel Jimenez Iruñeko 25. Itzuliko lehen liderra

Guaixe 2011ko uztailaren 28a

Atzo abiatu zen Ermitagaña Txirrindularitza Taldeak antolatutako juniorren mailako Iruñeko 25. Itzulia, Villatuertan hasi eta despeditu zen 85 km-ko etaparekin. Andalucia Caja Granada taldeko Daniel Jimenez izan zen azkarrena, Villatuertako azken igoeran Pipaon taldeko Victor Etxeberria atzean utzi eta gero. Aralar-Irabia taldeko Lander Auza faboritoen taldean sartu zen eta 15.a izan zen, 27 segundora, bigarren nafarra. Iruñeko Itzulian 35 talde ari dira lehiatzen, 200 txirrindulari guztira. Tartean daude bi talde sakandarrak Aralar klubeko Irabia Intersport eta Burunda klubeko Rural Kutxa. Gaur itzuliko bigarren etapa jokatuko da, Tafallan hasi eta despedituko dena, 96 km-ko etapa gogorra, tartean 2. mailako San Martin de Unx, lehen mailako Olleta gaina eta 2. mailako Artaxoako gaina pasa beharko dituztelako. Itzulia bihar despedituko da, Mutiloabeitin hasi eta Iruñeko Caballo Blancon despedituko den etaparekin. Hemen ere lan gogorra egin beharko dute gazteek, besteak beste bigarren mailako Markalagingo portua eta lehen mailako Egozkue portua pasa beharko dituztelako.