Erdozia Nafarroako II. Mailako finalera

Guaixe 2011ko uztailaren 26a

Igandean Nafarroako II. Mailako Aizkorako Txapelketako kanporaketa hartu zuen Elizondok. 11 aizkolari aritu ziren lanean, tartean bi sakandar, Juan Jose Erdozia etxarriarra eta Iban Resano dorrobarra. Bi kanaerdiko eta 60 ontzako bat erdibitu behar izan zituzten. Lanak azkarren bukatu zituzten lehen 5 aizkolariek Uharte Iruñean irailaren 25ean jokatuko den finalerako txartela lortu zuten, tartean Juanjo Erdoziak. Oso lehia borrokatua izan zen, aizkolari guztiak sasoiko zeudelako. Azkenean, Arkaitz Olano leitzarra nagusitu zen (7:29), Julen Kañamares (7:35), Jose Antonio Loiarte (7:39), Xabier Mindegia (7:44) eta Juanjo Erdoziaren (7:56) aurretik. Aipatu bostek lortu zuten finalerako sailkatzea. Tamalez Iban Resano finala jokatzeko atarian geratu zen, bi segundo eskasengatik seigarrena sailkatu baitzen (7:58). Atzerago bukatu zuten Kastrok, P. Mindegiak, Pellejerok eta Etxeberriak. Sergio Mandazen azkena sailkatu zenez, maila galdu du.