Andy Schleckek ordagoa jo du

Guaixe 2011ko uztailaren 22a

Ikusgarria. Ezustekoz blai eta emozioz betetakoa. Ez dago hitzik aurtengo Tourra definitzeko. Aspaldiko partez Tour irekiena dugu aurtengoa, atzo gertatutakoa kontuan hartuta ere, oraindik ez baitago argi igandean nor iritsiko den horiz jantzita Parisera. Pirinioek ez dute erabaki; Alpeek eginen dute. Alpeek eta larunbateko erlojupekoak. Hortaz, azken unera arteko ezjakintasuna geratzen zaigu. Telebistari engantxatuta egoteko egunak, ezbairik gabe. Tourrak beti du segimendua baina aurten gora egin du audientziak. Txirrindulariak eskaintzen ari diren ikuskizuna paregabea delako. Schleckek Izoarden gora jo zuen erasoaAtzo Galibier mitikoaren gainean (2.645 m) gertatu zena ikusgarria izan zen, handia, gutxik espero zutena. Alpeetako etapa nagusia izan zen atzo, Galibier baino lehenago Agnel (2.744 m) eta Izoard (2.360 m) mendi izugarriak gainditu behar izan baitzituzten txirrindulariek. Imanol Erbiti hiriberriarra eta Pablo Urtasun urdiaindarra eguneko ihesaldian sartu ziren, Izoard gainari ekin baino lehen arrakasta izan zuena. Galibierren hasierara arte faboritoen taldean izan ziren biak, Verdugorekin eta Egoirekin batera. Beste behin, baikain sakandarrak. Bestalde, faboritoen arteko erasoak espero ziren. Azken egunetan ohituta geunden Contadorren erasoei, eta haren ondoan Samuel Sanchez ikustea. Baina atzo gutxik espero zutena gertatu zen. Andy Schleckek jo zuen erasoa, eta nolakoa gainera. Luxemburgoko anaiei izugarri kritikatu izan zaie orain arte eraso ez izana, beti Contadorrek egiten duena jarraitzen egotea eta zuhurregiak izatea. Baina atzo Andy Schleckek txirrindulari handia, izugarria dela demostratu zuen. Helmugarako 60 km falta zirenean, Izoarden gora egin zuen aurrera, erritmo aldaketa eginez, eta faborito nagusietatik ihesi egin zituen Izoard eta Galibier. Bidean aurretik ihes egindakoak atzean utzi eta bakarrik iritsi zen Galibiergo helmugara, izar handiak bezala. Txirrindularitzaren historian sartu da Andy, merezimendu osoz. Andy Schleckek ihes egin zuenean beste faboritoek ez zuten mugimendurik egin. Hori da harritzekoa. Utzi egin zioten. Asko falta zen helmugarako eta ez zuten pentsatu lortuko zuenik. Baina Schleckek geroz eta distantzia handiagoa hartu zuen faboritoekiko. Hala ere, atzean erantzunik ez. 10 km-ren faltan aldea 4:25ekoa zela jabetzean, larritu ziren faboritoak. Hala ere, ez ziren akordio batera iristen eta inork ez zuen buruan jarri nahi, indarrak ahitu eta kontra erasoaren beldur ziren. Ez Voeckler liderrak, ez Evansek, ez Bassok ez Contadorrek, ez zuten ardura hartu. Eta Frank Schleck guztia zaintzen zebilen. Azkenean, Evansek aldatu zuen erritmoa eta faborito guztiak atzean jarri zitzaizkion. Baina ez zioten erreleborik ematen, nahiz berak eskatu. Hala ere, Evans indartsu dago eta ongi erantzun zuen. Akaso damutuko zitzaion lehenago erritmoa ez aldatu izana. Azken kilometroetan Frank Schleck aurreratu zitzaion eta bera izan zen bigarrena, 2:07ra. Evans izan zen hirugarrena, 2:15era. Contador Galibierren gora ezinean geratu zen eta 3:50era sartu zen. Giroan aritu izana ordaindu du madrildarrak. Eta Samuel Sanchezek 4:42 galdu zituen. Aipatzekoa da txirrindulari sakandarrak aurrean egon zirela, Sanchez liderrari laguntzen. Pirinioetako erorikoaren ondoren jota zegoen Urtasun ere aurrean ikusi genuen. Etapa ona egin zuten denek. Verdugo 17:32ra sartu zen, Erbiti 20:29ra, Egoi 26:21era eta Urtasun 31:10era. Voecklerrek lider jarraitzen duThomas Voeckler liderra 2:21era sartu zen helmugara, dena emanez, eta horregatik lidergoari eustea lortu zuen. Baina aldea izugarri txikitu zaio. Bigarrena Andy Schleck da, 15 segundora, eta hirugarrena Frank Schleck, 1:08ra. Evans da laugarrena, 1:12ra eta Cunego bosgarrena, 3:46ra. Contador zazpigarrena da, 4:44ra, eta Sanchez zortzigarrena, 5:20ra. Atzo Contadorren eta Sanchezen asmoak zapuztuta geratu ziren. Sakandarrei dagokienez, Verdugo 27.a da, 33:56era; Egoi 35.a, 59:46era; Erbiti 83.a, 2:00:18ra; eta Urtasun 159.a, 3:08:39. Dagoen egoeran egonda oraindik ere Tourrari eustea asko da urdiaindarrarendako. GaurDena den, Alpeek oraindik asko dute esateko. Andy Schleckek atzo esan zuen "etapa irabazi zuela baina gaur elastiko horiaren bila joango dela". Baina ikusi behar atzoko esfortzuek zein eragina duten tropelean. Atzoko etapa Galibierren despeditu eta gero, gaur berriro ere Galibier "sufritu" beharko dute txirrindulariek, aipatu mendatea duela 100 urte Tourrean lehenengoz igo zela baliatuta, antolakuntzak omenaldi moduan bitan pasatuko baitu mendate mitikoa. Gaurko etapa, akaso, tropelean triskantza eragiteko etapa aproposa da, motzagoa baita (Modane-Alpe d´Huez, 109,5 km), baina oso gogorra, leherketa baten modukoa. Hasi eta 14. kilometrora lehen mailako Telegraphe (1.566 m) mendate gogorrari ekin beharko zaio, jaitsiera laburra egin eta Galibierri ekiteko, bere alderik gogorrenean igoz. Praktikan bi mendate batean igo beharko dituzte. Bukatzeko, Galibierren jaitsiera gogor eta luzearen ondoren, Alpe d´Huez (1.850 m) mendate ezaguna igo beharko dute. Izugarria. Alpeek selekzioa eginen dute, baina Grenobleko larunbateko 42,5 km-ko erlojupekoak ere zeresana emango du liderraren hautaketan. Ea nor iristen den lider Parisera. Evansek eta Schlecktarrek dituzte aukera gehienak, australiarrak bereziki, erlojupekoan nagusi baita, baina nork daki. Sakandarrak oso ongiTxirrindulari sakandarrak Tourrean ematen ari diren maila ikusgarria da. Euskalteleko Gorka Verdugo eta Egoi Martinez etxarriarrak Samuel Sanchezen langile finak dira, bereziki mendietako etapetan, eta liderrarendako lan handia egiten ari dira. Horren erakusle Sanchezen Luz Ardidengo etapa garaipena eta orain arte ematen ari den maila bikaina. Hain zuzen ere etapa horretan, Pirinioetan, eroriko gogorra izan zuen Pablo Urtasun urdiaindarrak, kolpeak hartuz eta aldakan puntuak jasoz. Minduta eta jota baina oraindik ere bizikleta gainean jarraitzen du, meritu handiz. Ea Parisera heltzea lortzen duen. Eta Movistarreko Hiriberriko Imanol Erbiti ere txukun dabil. Aipatzekoa da Pirinioetan zale euskaldunen eta sakandar askoren babesa eta animoa jaso zutela txirrindulariek. Alpeetako hotza eta elurra gainditzen laguntzeko ere jasoko dute babes hori, sakandarrak bertan daudela baitakigu. Azanza ItalianEuskaltel taldeko Jorge Azanza txirrindulari altsasuarra Italian dago, igandera arte luzatuko den Brixia Tourrean parte hartzen.