Txirrindulari sakandarrak Tourrean egindako lanarekin pozik

Guaixe 2011ko uztailaren 27a

Astelehenean itzuli ziren Paristik Frantziako Tourrean aritu diren txirrindulari sakandarrak, Movistarreko Imanol Erbiti eta Euskalteleko Pablo Urtasun, Egoi Martinez eta Gorka Verdugo. Laurek bukatu dute Tourra, ez dela edonolako gauza, eta lan ona egitearen sentsazioarekin itzuli dira.Hala ere, Imanol Erbiti ez zegoen erabat gustura. "Ez nago guztiz pozik, ezin baitut ihesaldi onetan sartzerik izan. Zorte puntu hori falta izan zait. Gorputza ez nuen jota, baina sentsazioak ez dira izan guztiz onak" zioen Hiriberrikoak. Euskalteleko hiru sakandarrak, aldiz, kontentu zeuden egindakoarekin. Urtasun "Zuzendariak esan digu taldearen helburuak lortu direla eta aurtengoa orain arte egindako Tourrik onena izan dela. Samuelek garaipena lortu zuen Luz Ardidenen, beste bi etapatan bigarrenak izan gara, Samuelek mendiko maillota jantzi du eta taldekako txapelketan bosgarrenak izan gara, postu oso ona. Kontuan hartuta gure taldea aurrekontu aldetik ez dela oso handia eta bereziki txirrindulari guztiak bertakoak garela nahiko harrigarria da hori" adierazi digu Pablo Urtasunek. Urdiaindarrak aurten debutatu du Tourrean eta Tour oso ona egin du, Pirinioetan izandako erorikoa kontuan hartuta. "Erori eta gero lauzpabost egun oso txar pasatu nituen, eta amorrua eman zidan, ongi iritsi bainintzen Pirinioetara eta lan ona egin nezakeela uste bainuen. Erori eta hurrengo eguneko etapan gaizki pasatu nuen, hasieratik atzean gelditu bainintzen, minduta nengoen, puntuek min ematen zidaten... baina heltzea lortu nuen" gogoratzen du Urtasunek. Gero, errekuperatu eta Tour bukaera ona egin du. Alpeetan aurrean ikusi genuen, Samuel babesten. "Bai, hori eskatu zidaten, Samuelen ondoan egotea" dio.Tourra munduko lasterketa famatuena dela bereziki lehendabiziko astean nabaritu zuen. "Erorketen beldur zegoen tropela, hasieratik, eta horrek sekulako tentsioa sortzen zuen, txirrindulari guztiek aurrean egon nahi zutelako, urduritasuna sortzen zen, eta ondorioz erorketak. Lehendabiziko etapan 20. Kilometrorako gertatu zen lehena, eta segidan beste erorketa pare bat. Hor moztuta geratu zen Samuel eta denbora galdu genuen" gogoratzen du.Astelehen eta asteartean atsedena hartu zuen Urtasunek baina gero entrenatzen hasi zen, larunbatean Donostiako Klasikoan ariko delako, igandean Getxon eta hurrengo astean Burgosko Itzulian edo Belgikako Eneco Tourrean.Egoi MartinezEgindako lanarekin oso kontentu topatu dugu Etxarrikoa. "Talde mailan ezin hobeto egon gara, eta profesionalki oso kontentu nago. Protagonismo guztiak alde batera utzita, esfortzu guztiak Samurendako jarri behar izan ditut. Bagenekien Samuel goi-goian egon litekeela, eta horregatik merezi zuen taldea prestatu dugu, berarendako lan egin duena. Lan hori egin dugu, eta kontentu nago" dio Egoik. Aurtengo Tourra Euskaltelek egindako onena ote den galdetuz, "onena edo onenaren parekoa" izan dela dio, Mayok garaipena lortu zuenaren parekoa, hain zuzen. Euskaltelek sekulako maila eman du. "Urtetik urtera Euskaltelek errespetua irabazi du tropelean. Dituen ezaugarri bereziak kontuan hartuta - aurrekontu txikia eta taldekide euskaldunak - errendimendu maila oso altua eman du. Ditugun ezaugarriekin gorago egitea ia ezinezkoa da. Adibide bat jartzearen, hori Athletic futbol taldea Europa mailan bosgarrena izatea bezala litzateke. Dituen ezaugarriak kontuan izanda, primerako emaitza" dio Egoik irribarrez. Evansen garaipenaren inguruan, "merezita irabazi du, erregularrena izan delako. Ez du egun txarrik izan eta erlojupeko ikusgarria egin du. Samuk egun txarra izan zuen Galibierren, eta Tourrak ez du barkatzen" gaineratu du Egoik. Orain atsedena hartzen ari da etxarriarra. Ez du Donostia Klasikoan parte hartuko. Errekuperatu eta bere hurrengo erronka Espainiako Vueltan parte hartzea izango da, Gorka Verdugorekin batera. Tourraren ondoren Vueltarako beraiek atzera ere aukeratu izana talde gizon onak eta baloratuak direla demostratzen du. "Igor Antonek aukerak ditu eta talde lana egingo dugu beraren alde. Taldearendako sakrifikatuko gara, gure aukera pertsonalak alde batera utzita, talde handiek egiten duten bezala" dio. Etxarriarrak hurrengo denboraldirako kontratua dauka Euskaltelekin, eta alde horretatik lasai dago. "Oso ondo nago taldean, baloratuta sentitzen naiz eta kontratua indarrean izanda ez dago ezer pentsatu beharrik. Hurrengo urtean 34 urte beteko ditut eta urtez urte ikusi beharko dut ea nire maila mantentzen dudan ala ez. Orduan hartuko ditut erabakiak" adierazi digu etxarriarrak. Gorka VerdugoKontentu dago etxarriarra egindako lanarekin "oso pozik. Taldea oso ondo ibili da, eta helburuak bete dira. Taldearen Tourrik onena izan da, lortutako emaitzez gain taldeak erakutsi duen jarrera kontuan hartuta" adierazi digu. Mendian Samuel Sanchez laguntzea izan da bere egiteko nagusia eta ongi bete du lana. "Beste urteetan ihesaldietan eta sartzeko askatasuna genuen, baina aurten Samuelendako aritu gara. Eta kontentu. Hasieratik esan zigun oso ondo aurkitzen zela, eta ongi ibili da, aurrean". Egindako lan horren isla, sailkapenean 25.a izan da Verdugo. Ez du beheraldirik izan. "Nahiko erregularra naiz, hori da dudan ezaugarririk onena" azaldu digu.Tropelak Euskaltel baloratzen ote duen galdetuta, baietz uste du etxarriarrak. "Tourreko bigarren aurrekontu txikiena gara, eta lortutakoak, bosgarren talde onena izatea barna, erakusten du ongi aritu garela. Gure ezaugarriak kontuan izanda meritua dauka horrek, eta urteekin tropelak geroz eta gehiago baloratzen gaitu" dio Verdugok. Pirinioetan eta Alpeetan jarraitzaile euskaldunen animoak jasotzea - senitarte eta lagunak tarteko - eskertzen du. "Beti sentsazio ona ematen dizu horrek" dio.Egoik bezala, orain atsedena hartuko du Espainiako Vuelta prestatzeko. "Beste itzuli luze bat prestatzeak pereza ematen du, baina bestela Belgika, Kanada... eta halako itzuliak korritu beharko genituzke. Hortaz, akaso hobe gertuago" dio irribarrez. Gorka gustura dago talde laranjan eta hurrengo denboraldian ere bertan jarraituko du. "Ongi baloratua sentitzen naiz, gustura nabil bertan" dio.Arrieta, bolanteanNahiz eta txirrindulari moduan 10 Tour osatu, aurten Movistarreko zuzendari bezala debutatu du Jose Luis Arrietak Tourrean. Eta ezberdina izan dela adierazi digu. "Batzuetan urduri jartzen nintzen autoan nindoanean... baina ahal dena egin dugu" dio uhartearrak. Aurten Movistarrek ez zeraman lider argirik Tourrera, eta erorikoek eragin handia izan zuten taldean, Beñat Intxaustik etxerako bidea hartu behar izan zuelako. "Beti izan dira erorikoak Tourrean, aurtengoa ez zait aparteko konturik iruditzen. Kontua da aurten ia talde guztiei ukitu diela eta izen handiko txirrindulariak erori direla, txirrindulari inportanteak" azaldu du Arrietak. Intxaustirekin ilusio asko zituen Movistarrek, eta Kiriyenkarekin ere, baina azken hau ez zegoen ongi. "Rui Costarekin etapa bat irabazi dugu eta azken unera arte borrokatu dugu Rojasekin maillot berdea lortzearren. Geunden egoeran egonda, ezin daiteke gehiago eskatu. Baina Intxausti eta Kiriyenka ongi egongo balira..." penatzen da uhartearra. Beti lider batekin aurrean egotera ohituta daudela esatean, irribarre egiten du. "Egoera horretara bueltatuko gara" dio. Arrietak ere ez du atseden handirik hartuko, larunbatean Donostiako Klasikoan, igandean Getxon eta hurrengo astean Burgosko Itzulian egongo delako. "Txirrindularia naizenean baino gutxiago nago orain etxean" dio.