Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gipuzkoa alde batera utzi eta Leon aldera goaz. Kilometroak aurrera joan ahala, Guaixen idatziko dudanaz hausnartzeko denbora behatz artetik doakit. «Aste Nagusian Melocos eta La Malaren ordez, Berri Txarrak eta Su ta Gar taldeek joko dute Donostian, udalak hala erabakita». Benetan gai interesgarria izan zitekeela pentsatu berri nuen, betiko ahots horietako batek furgonetatik jaisteko eskatu ninduenean.Antiterrorista oraingo hau. Berriz ere «eskerrak ordubete gehiagorekin hartu dugun Leonera bidaia». Mira horren beste aldean ordu erdiz arratoien modura sentitu eta gero, furgonetara igo eta guk nahi bezain aske izateko aukera eman digute. Bizpahiru kilometro gehiagoz bai, behintzat. Gustura idatziko nuke musikarion eguneroko bilakatu diren kontrol hauen inguruan... Azken orduko berriak heldu dira gurera berriz. «O novo grupo de governo do Partido Popular capitaneado por Conde Roa proíbe concerto de BRIGA no Parque de Belvis». Galdu du berriz Su Ta Gar taldeak bere musika Euskal Herritik at ateratzeko beste aukera bat. Interesgarria gai hau ere Guaixeko aste honetakoan jorratzeko... 24 ordu pasa dira eta Elizondon gaude jada. Porretas taldeko Rober-en heriotzarekin bat egin du Amy Winehouse-enak.Gorrotagarriak omen dira alderaketak, baina hausnarketarako gakoa izan daiteke honako hau nire aste honetako artikuluan... Beste 24 ordu pasa dira eta furgonetan Elizondoko kontzertuaren nondik norakoak birpasatuz heldu gara Bizkaira. Soineko beltzez jantzia, buruan orlegi, bihotzean sua. Euria mara-mara Bizkaian. Euria. Negarra. Kukutza suntsitu nahi dute. «Ez dira pasako» oihukatu dut mikrofonotik eta furgonetara igo bezain pronto pentsatu dut Kukutzako hau ere gai interesgarria izan litekeela aste honetako Guaixerako. Heldu naiz etxera azkenean eta flexopean iritsi da idazteari ekiteko ordua. Eztakit... Egia esan asteburu gogorra izan da eta nahiago dut ohea besarkatu.Pello Reparaz