Otsoportillo, 75 urte

Guaixe 2011ko irailaren 8a

Espainiako gerra zibila piztu ondorengo asteak bereziki gogorrak izan ziren Sakanan, gerra fronterik ez bazegoen ere. Bestelako gerra bizi izan zen estatu kolpearen ondorengo hiru hilabeteetan. Bide, bide bazter, amildegi eta lezeak hildakoen gorpuak hartu zituzten. Joera guztietako ezkertiarrak eta abertzaleak ziren hildakoak. Haiek gogoratzeko igande eguerdian 500 bat pertsona bildu ziren Otsoportilloko lezean.Eguerdiko mezaren ondoren hasi zen ekitaldia. Etxarri Aranazko alkate Jose Ignazio Bakaikoa Aristorenak gogora ekarri zuen altxamendu faxistaren biktimek gertatutakoaren egiaren aitortza eskatzen dutela, baita justizia eta erreparazioa. SenideakHildakoen senideen izenean Amaia Urkijok eta Maite San Romanek hartu zuten hitza. Otsoportillo eta mendiko beste bi lezeetan eta Ubaban hildakoak izan zituzten gogoan. "Gure senitartekoak etxetik bortizki lapurtu zizkiguten, baina gure oroimena ez digute lapurtuko" esan zuen San Romanek. Eta Mikel Ibarguren idazlearen aipamena egin zuen: "zauria sendatzeko beharrezkoa da ez ahaztea. Memoria berreskuratzea. Eta iraganean gelditu ordez biharkoa begiratzea". Urkijok gertatutakoa genozidioa izan zela eta elizak bere konplizitatea aitortzeko zenbat denbora pasa behar duen galdetu zuen. Arabako Lautadatik etorritako senideak ere hitza hartu zuten, egitaraua moldatuz. Haien familiakoekin egindako bidegabekeria salatu zuten batek. Beste bat, berriz, ekitaldiarekin batera, meza egitea salatu zuen, haren senideak Aguraingo apaizak salatu ondoren hil zituztela gogora ekarriz. Antolatzaileek azaldu zioten ekitaldia antolatzen hasi zirenean batzarrean erabaki zela meza egitea, denetariko iritziak sortu baziren ere. Ekitaldian Bakartxo Ruiz Bilduko parlamentariak hartu zuen hitza. Maila ezberdinetako biktimak daudela nabarmendu zuen. Horrekin batera, egungo egoera politikoari aipamen eginez, bakea lortzeko eragileei ardura eskatu zien. Ekitaldia despeditzeko, lau emakumek aurreskua dantzatu zuten Jose Ramon Andaren eskulturaren parean. Ondoren, lezearen ahoan lore eskaintza egin zen. Aurretik Eneko Lazkoz eta Joseba Beltza bertsolariak ere kantuan aritu ziren. AntolakuntzaEkitaldiaren 31. edizioa afusilatuen senide eta Etxarri Aranazko Udalaz gain, Altsasuko eta Olatzagutiko Udalek antolatu dute "bertakoak zirelako fusilatu gehienak". San Romanek esan digunez, ibarreko beste udalei parte hartzeko gonbitea luzatuko zaie. Eta Arabako Lautada aldetik etorritako jende kopurua ikusita  haiek ere kontuan izanen dituzte.