Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Udalek alegazio epea luzatzea eskatu dute, alegazio epea agorrilean izan delako eta berriki despeditu delakoIkerketan zehazten diren ibilbide aukera ugarien artean, REEk Sakanan barnakoaren alde egiten duRed Electrica Española (REE) da argindarra banatzeaz arduratzen den enpresa. Deikazteluko azpi-estazioa Itsasokoarekin lotu nahi ditu 400 kV-ko argindar linea baten bidez. Horretarako 69 ibilbide aukera jasotzen dituen txostena bidali die azpiegiturak ikututako udalei. REEk azaldu duenez, azpiegitura berriaren egitekoak izanen dira: argindar garraio sarearen saretzea batetik eta, bestetik, haize errotek eta bestelako bideen bidez sortutako argindarra garraiatzea. REEk dio Euskal Herrian argindar ekoizpen proiektuak ikusita inguru hau Aragoa-Erdialdea/Levante lotuko lukeen sare baten beharra dakarrela. Horrela argindar hornidura asko hobetuko litzatekeela dio REEren txostenak. Gaur egun Orkoien eta Ezkio-Itxaso lotzen dituzten bi linea pasatzen dira Sakanatik, biak ere 220 kV-koak. REEk azaldu duenez, linea berria eraikiko balitz, hura erabilgarri izan ondoren 220 kV-ko lineetako bat kenduko luke.Ibilbide posibleak Red Electrica Españolak (REE) hainbat ibilbide aurreikusi ditu Deikaztelu eta Itxaso artean. Nafarroako iparraldea Gipuzkoako herriarekin batzeko bi dira aukera nagusiak. Batetik, Imotz eta Larraun aldetik eramatea linea Itxasoraino. Bestea, Sakanan barnakoa da. Hegoaldetik linea sartzeko bi aukera aurreikusi ditu REEk. Lehena Ollo ibarretik etorriko litzateke eta Gaztelu eta Txurregi mendien artetik pasako litzateke argindar linea, gero Ekai parera jaisteko. Sakanan sartzeko beste aukera Itzako Zendean barna litzateke. Otxobitik Bizkai mendia gaindituko luke lineak, egun dagoenaren pare joanen litzateke. Ondoren, Errotz iparraldetik (150 m-ra) eta Urritzola hegoaldetik (50 m-ra) Ekairantz joko luke lineak. Satrustegiko mendizerrako bargatik Lakuntza parera arte joko luke lineak, toki askotan, gaur egun inguru horretan dagoen 220 kV-ko linearen hegoaldetik, hau da, mendian sartuago. Uharte Arakil parean ere pixka bat hegora egiten du. Linea berritik km erdira baino gertuago leudekeen herriak hauek lirateke zati honetan: Ekai (400 m), Zuhatzu (430 m), Satrustegi (200 m), Uharte-Arakil (180 m), Etxarri Aranatz (200 m) eta Bakaiku (200 m).Lakuntza parean argindar linearen ibilbideak hegoalderantz joko luke eta Utzubarko basoa hegotik pasako luke, gero Etxarriko industrialde parean 220ko KV-ko linearen paretik joateko. Aritzalkoko basoaren mendebaldetik eta Oporotik Arakil ibaiaren ezkerraldera pasa eta Orkoien-Ezkio Itsaso 2 linearen egungo ibilbidearen paretik segituz Etxegaratetik Gipuzkoarantz joko luke. BideaREEren ikerketan bertan argindar linea Gaztelu eta Txurregi artean pasatzea baztertzen du, inguru malkartsua delako eta Bizkai mendiaren ekialdekoa iristeko errazagoa dela aipatzen du. Ikerketak ere kontuan hartzen ditu etorkizunean eraiki litekeen abiadura handiko trenaren ibilbide posibleak: Ihabar aldetik tunel baten bidez Aralar zeharkatuko lukeena; Lizarrustin barna joan litekeena edo Altsasu eta Etxegarate bitarteko ibilbidea. Guztiek Ezkio Itxaso dute helmuga.Ingurumen baimen bateratuan jasotzen da ere Andia eta Urbasari eragin egiten diola linea eraikitzeak, mendiek edo bere magalak babes izendapenak dituztelako. AlegazioakAzpiegiturak ikututako udal askok dagoeneko alegazioak aurkeztu dituzte. Haietako askok berriki despeditu den alegazio epea 30 egun gehiagoz luzatzea eskatu dute. Agorrilean udal arduradun eta langile asko oporretan hartu ditu. Hori eta legediak luzapena emateko aukera ematen duela baliatuta egin dute eskaera.Bestetik, udalek ere mamira jo dute eta bestelako alegazioetan azpiegitura egiteko beharrezko justifikaziorik ez dagoela nabarmendu dute. Toki entitateek ere diote aurreikusitako azpiegiturak sor litzakeen ingurumen eraginak ez direla kontuan hartu. Ildo berean, udalek nabarmendu dute aurreikusitako 69 ibilbideetan babestutako eremuak ikutzen direla. Natura 2000 sareko guneen gaineko inpaktuagatik prekauzio printzipioa kontuan hartzea eskatu dute eta, ondorioz, beste aukera batzuk aztertzea edo egitasmoa bertan behera uztea. Bestelako ibilbide posibleak gehitzea edo zergatik ez diren gehitu azaltzea eskatu dute udalek alegazioetan. Aldi berean, azaldu dute ikerketak gabeziak dituela lineak aisialdi gune, turismo, sozio-ekonomia edota ondarean izanen duen eraginak aipatzerakoan.EzaugarriakLinea egiteko 42 eta 46 m-ko dorreak erabiliko lirateke, eta batetik bestera 400-500 m-ko distantzia legoke. Horretaz gain, argindar linea doan tokian 26 m-ko pasabide bat egonen litzateke. Han ezinen litzateke ez zuhaitzik ez eraikinik egon.