Euskara ikasi, burua bizi eta gazte izateko

Guaixe 2011ko irailaren 9a

Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuaren aholku bat da, orain, euskaltegietako matrikulazio garaia zabaldu denean Buruari eragin euskara ikasiz, lelo hori aukeratu dute Nafarroako euskara zerbitzuek, Sakanakoak barne, helduak euskara ikastera edo alfabetatzera (arauak ikastea) animatzeko. Kanpainaren aurkezpenean Baztango alkate Garbiñe Elizegi eta Berriobeitiko zinegotzi Luis Miranda esan zuten baikortasuna dela gaztetasunaren giltza. "Eta gaztetasuna, gehienbat, buruan dago. Ikastea da burua bizi eta gazte izateko modu hoberena". Aldi berean, galdera luzatu zuen: "Eta geure buruak gazte mantendu nahi baditugu, zer hoberik eta eskurago euskara ikastea baino?"Kanpainaren aurkezpenean Elizegik azaldu zuen atzerriko unibertsitateetan egindako ikerketek erakutsi dutela bi hizkuntza ikasteak garuneko materia grisaren dentsitate maila hobetzen duela eta Alzheimerraren moduko buru-gaixotasunak atzeratu ditzakeela. Baldintza ezin hobeakAtzoko agerraldian azaldu zutenez, "adituek diote helduen hizkuntza-ikasketa prozesuetan erabakigarria dela hizkuntzarekin elkarbizitzeko aukera. Beraz, esan daiteke bigarren hizkuntza ikasteko baliabide eta testuinguru aproposak ematen dituela euskarak". Ikasteko metodologiak, zentroak eta gizartean edo Mintzakide programaren bidez praktikatzeko aukera nabarmendu zituzten. Matrikulak doan, jokoanAtzokoan jakinarazi zutenez, hilaren 29an, 18:00etan saio berezia izanen da Artikako kultur etxean: hizkuntz bingoa. "Euskara astinduz, buruari ez ezik mihiari ere eraginen diote euren klasekideekin, eta tarte bikaina pasatuko dute". Kanpainan parte hartzen duten udaletako euskaltegiak eta matrikula egin duten ikasleak gonbidatuko dituzte bingora. Bestalde, Sakanako AEK-k jakinarazi du matrikulazio epea martxan duela. Informazioa 948 468 258 telefonoan eskuratu daiteke.