Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aurreko ostiralean kontzentrazioak egin zituzten Irurtzunen eta Altsasun. Hezkuntza Departamentuaren murrizketak salatu zituztenSare publikoko ikastetxeetan 11 irakasle falta ziren ikasturte hasieranAurreko ostiralean Irurtzunen eta Altsasun hezkuntza publikoko langileek kontzentrazioak egin zituzten. Protestarako arrazoietako bat irakasleek klase ordu bat gehiago ematea da, hau da, 18 ordu (asteko lanaldia 35ekoa da). Horrek Hezkuntza Departamentuak langile gutxiago kontratatzea (230) eta irakasleek lan karga handiagoa izatea ekarri du: gai gehiago eman behar dituzte, tutoretza klase ordu gutxiago, aniztasunari arreta egiteko programak ahultzea eta beste. Ekonomi krisiagatik hartutako neurria izan zela iragarri zuen Nafarroako Gobernuak. Hezkuntza Departamentuak eta sindikatuek bilerak dituzte eta handik aterako denaren zain daude hezkuntzako langileak, mobilizazio gehiago deitu edo ez zehazteko. Irakasleen argudioakAtakondoa ikastetxe publikoko zuzendari Felix Rey Bakaikoak esan digunez, irakasleek badute ekonomia egoerak sortutako zailtasunen berri eta ahalegina ere egin dutela gogorarazi du: soldata murriztu zietela. Irurtzungo eskolako hezkuntza langileak "bai pertsonalki, baita kolektiboki ere, bestelako sakrifizioak gure egiteko prest gaude, baldin eta horiek gure hezkuntza sistemaren onerako badira". Atakondoatik Nafarroako Gobernuko kideei gogorarazi nahi izan diete beti inbertsiorik onena hezkuntzan egiten dena dela. Reyk eta bere lankideek salatu dute departamentuak hartutako neurriek "gure hezkuntza sistema egunetik egunera txartzen ari dela". Horrekin batera, sistemak gaur egun dituen hainbat gabezia salatu dituzte: behin-behinekotasun maila altua (Irurtzungo eskolako etaparen batean %70ekoa); instalazio, hornidura, bitarteko, baliabide egokien falta...Irakasleak, gainera, oso haserre daude zenbait politikok irakasleak "alfertzat" hartuz egindako adierazpenekin. Legediak ezarritakoa baino askoz ordu gehiago lan egiten dutela ziurtatu dute. Administraziotik halako mezuak zabaltzea deitoratu dute, "gure lanbidearen ospe-galtzea bultzatzen" delako eta haiek direlako geletan ikasleekin daudenak. Ekonomia krisiak egoerak okertu badu ere, aurretik kudeaketa txarra izan dela uste dute Atakondoan. Iribas kontseilariari hezkuntzarako, publikorako, aurrekontu onena lortzeko eskatu diote, baita egoki kudeatu dezala. Departamentuan bertan bestelako arloetan murrizketak egin daitezkeela uste dute Atakondoan.11 irakasle faltan ikasturte hasieran Sakanan hezkuntza publikoko dozena bat zentro daude. Haietako seitan irakasleak falta ziren ikasturte hasieran, 11 guztira. Batzuk dagoeneko bete dira, "baina presio egin dugulako" azaldu digute ikastetxe batetik baino gehiagotik. Zentroek garagarrilean jakinarazten diote Hezkuntza Departamentuari heldu den ikasturterako duten irakasle premia. Uda partean departamentuak ez du gaia bideratu. Egoera larriena Irurtzungo Atakondoa eskola publikoan zuten, zazpi irakasle falta ziren. Aurreko astean Hezkuntza Departamentuak hiru bidali zituen, baina gainontzeko lauen zain daude. Aralarko Mikel Donea eskola publikoan, Uharte Arakilen, irakasle baten faltan daude. Hezkuntza Departamentuak urrirako bidaliko zuela jakinarazi zien baina, antza, lanera lehenago sartuko da. Etxarri Aranatzen eta Iturmendin irakasle bana falta zutela hasi zuten ikasturtea, baina falta zuten irakaslea astelehenean hasi zen lanean. Altsasuko Bigarren Hezkuntzako Institutuan irakasle baten faltarekin hasi zuten ikasturtea. Astean zehar departamentuak izendatuko duela espero dute ikastetxean. Altsasuko festak direnez, klaserik ez da izanen eta, gaitzerdi, diote zentrotik.Olatzagutiko Domingo Bados eskola publikoan lau irakasle falta ziren ikasturte hasieran. Aurreko ostegun eta ostiralean bete ziren plaza horiek. Urdiaingo herri eskolan, egoera bestelakoa da. Haurdunaldiagatik langile batek aste honetan baja hartu du eta Hezkuntza Departamentua hura ordezkatuko duen jakiteko zain daude.KontzentrazioakSakanako ikastetxe publiko gehienak txikiak direnez, aurreko ostiralean gehienetan ez zen kontzentraziorik egin. Irurtzunen, irakasle eta langileekin batera, kontzentrazioa egitera deitu zuen Guraso Elkarteak. Altsasuko bi institutuetako irakasle eta langileek ere kontzentrazioak egin zituzten. Lanbide Heziketan langileek batzarra egin zuten eta sortu ziren ideien artean gainontzeko ikastetxeekin harremanetan sartzea eta asteazken arratsaldeetan Altsasuko udaletxe aurrean kontzentrazioak egitea zegoen. Horrekin batera, murrizketen kontra protesta egiteko hezkuntza arloan greba orokorra egitea proposatu zuten. Proposamen horien berri beste ikastetxeetako langileei zabalduko dizkiete. Kontzentrazioak ikastordutegitik kanpo egin ziren Irurtzunen, eta atsedenaldian, Altsasun. Etxarri Aranazko San Donato eskolan, bestelako neurriak hartu bitartean, langileek erabaki zuten ikastetxe sarreran egoera salatzen duen pankarta zabaltzea: Kalitatezko hezkuntza publiko baten alde, murrizketarik ez.