Mobilizazioak iragarri dituzte hezkuntzan

Guaixe 2011ko irailaren 15a

Aurreko ostiralean kontzentrazioak egin zituzten Irurtzunen eta Altsasun. Hezkuntza Departamentuaren murrizketak salatu zituztenSakanan, sare publikoko ikastetxeetan 11 irakasle falta ziren ikasturte hasieranHezkuntza Departamentuak egin dituen eta egin ditzakeen murrizketengatik protesta eginen dute hezkuntza ez unibertsitarioko arloko langileek. Ordezkaritza duten bederatzi sindikatuak ados jarri dira protestaldiak egiteko egutegi bat adosterakoan. Horrekin batera, langileak eskualdeka eta zentroka batzarrak eginen dituzte. Hezkuntza komunitateari ezarritako murrizketak gizarte guztiari eragiten diotela zabaldu nahi dute neurri horiekin.Sindikatuak Jose Iribasek zuzentzen duen departamentuarekin negoziatzeko prest daude, baina horretarako jarri dioten baldintzetako bat da berak konpromisoa hartzea murrizketa gehiago ez direla egonen.11 irakasle faltan ikasturte hasieran Sakanan hezkuntza publikoko dozena bat zentro daude. Haietako seitan irakasleak falta ziren ikasturte hasieran, 11 guztira. Batzuk dagoeneko bete dira, "baina presio egin dugulako" azaldu digute ikastetxe batetik baino gehiagotik. Zentroek garagarrilean jakinarazten diote Hezkuntza Departamentuari heldu den ikasturterako duten irakasle premia.  Uda partean departamentuak ez du gaia bideratu.Egoera larriena Irurtzungo Atakondoa eskola publikoan zuten, zazpi irakasle falta ziren. Aurreko astean Hezkuntza Departamentuak hiru bidali zituen, eta  honetan beste bi. Baten faltan segitzen dute.Aralarko Mikel Donea eskola publikoan, Uharte Arakilen, irakasle baten faltan daude. Hezkuntza Departamentuak urrirako bidaliko zuela jakinarazi zien baina, antza, lanera lehenago sartuko da. Etxarri Aranatzen eta Iturmendin irakasle bana falta zutela hasi zuten ikasturtea, baina falta zuten irakaslea astelehenean hasi zen lanean.Altsasuko Bigarren Hezkuntzako Institutuan irakasle baten faltarekin hasi zuten ikasturtea. Aste honetan bete da plaza. Altsasuko festak direnez, klaserik ez da izanen institutuan.Olatzagutiko Domingo Bados eskola publikoan lau irakasle falta ziren ikasturte hasieran. Aurreko ostegun eta ostiralean bete ziren plaza horiek. Urdiaingo herri eskolan, egoera bestelakoa da. Haurdunaldiagatik langile batek aste honetan baja hartu du eta Hezkuntza Departamentuak jakinarazi die hilaren 26ra arte ez duela kontratu berririk sinatuko.