ETB ikusteko herri ekimena, Madrilen

Guaixe 2011ko irailaren 22a

Nafarroan ETB eta Valentzian TV3 telebista kateak ikusi ahal izateko herri ekimen legegilea jarri zen martxan, Mugarik Gabeko Telebista izena zuena. Aurreko astean Espainiako Parlamentuan ekimena aintzat hartu zuten. UPyD alderdiak kontra bozkatu zuen; PPk eta UPNk ekimena "errespetuz" hartu zuten eta abstenitu egin ziren. Gainontzeko alderdiak, berriz, onartzearen alde agertu ziren. Milioi erdi sinaduraValentziako Accio Cultural erakundeak abiatu zuen sinadura bilketa, Euskaltzaindiaren babesarekin Euskal Herrira zabaldu zena. 651.650 sinadura jaso zituen, tartean hainbat sakandarrenak. Espainiako Hauteskunde Erroldaren bulegoak haietatik 559.759 sinadura onartu zituen. Ekimenarekin bat egin duten pertsonek hizkuntza gutxituetako telebista emanaldiak beste erkidegoetan ikusteko aukera bermatu nahi dute. Esaterako, Lurreko Telebista Digitalaren (LTD) bidez Nafarroan ETB ikustea legez bermatzea eta ez gelditzea unean uneko arduradun politikoen borondatearen baitan.Konpromisoa bete gabe2009ko garilean Migel Sanzek eta Patxi Lopezek ETB 1 eta ETB 2 kateen emanaldiak Nafarroara hedatzeko konpromisoa hartu zuten jendaurrean. Espainiako Industria ministerioak Nafarroako bigarren multiplexa baimendu zuen iazko ilbeltzean. Baina  milioi bat euro balio ditu eta ordutik Nafarroako Gobernuak berretsi du ez duela dirurik jartzeko asmorik. Beraz, aipatu bi kateak LTD bidez ikusi beharrean analogikoki ikusten ditugu Nafarroan. Aurreko ostiralean Juan Luis Sanchez de Muniain kultura eta Turismo kontseilariak adierazi zuen ETB Nafarroan LTD bidez ez ikustea diru kontu bat dela. Borondatea bestela badagoela ziurtatu zuen: "hitzarmen bat dago, UPN eta PSNren arteko legegintzaldi hitzarmena dago eta, baina milioi bat euroko kostua ere badago".