Azaroaren 20an ere udal eta kontzejutarako hauteskundeak izanen dira

Guaixe 2011ko irailaren 22a

Hauteskunde orokorrekin batera, azaroaren 20an Lakuntzan, Arbizun eta Iturmendin udalak berrituko dira. Aurreneko bi herrietan zerrenda independente bana eta Bildurena aurkeztu ziren. Bai batean bai bestean zerrendak erretratu zituen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Bilduri hauteskundetan parte hartzeko eskubidea onartu aurretik. Beraz, Lakuntzan eta Arbizun maiatzaren 22an ez zen udal hauteskundeetarako zerrendarik izan. Bi herrietan alkatea eta zortzi zinegotzi aukeratu behar dituzte. Iturmendin, berriz, ez zen zerrendarik aurkeztu udaberriko deialdian. Burundako herrian zazpi, alkatea eta sei zinegotzi aukeratu behar dira. Etxeberrin, Etxarrenen, Zuhatzun, Hiriberrin eta Lizarragabengoan kontzejuak osatzeko kideak aukeratuko dira. Arakilgo lau herrietan maiatzaren 22ko hauteskunde deialdirako ez zen hautagaitzarik aurkeztu. Bakoitzean, kontzeju-burua eta lau batzarkide aukeratu behar dira. Lizarragabengoan, berriz, hasiera batean Espainiako Auzitegi Gorenak baliogabetu egin zuen aurkeztu zen hautagaitza. Helegiterik ez zen aurkeztu eta zeuden moduan gelditu ziren.