Udan eskusoinua astintzen

Guaixe 2011ko irailaren 22a

Oibarko Udalak, Pablo Sarasate Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioko akordeoi ikasgelen laguntzarekin batera, I. Udako Akordeoi Kanpusa antolatu zuen agorrilaren 9tik 14ra. Topaketak bi helburu nagusi zituen: udako oporraldi luzean akordeoiari denbora eskaintzea eta instrumentu bakartia taldean jotzeko aukera edukitzea. Pablo Sarasate kontsertatorioko irakasle Nekane Iturriozek, Javier Lopez Jasok eta Angel Luis Goñik, urteetan Lakuntzan irakasle izandakoak, zuzendu zuten. Irakasleek Izaskun Andueza lakuntzarraren laguntza izan zuten topaketa antolatzeko.Zangoza aldeko herria 18 akordeoilariren bilgune izan zen agorrilaren 9tik 14ra. Haien artean zeuden Leire Aiestaran olaztiarra eta Beatriz Ramos irurtzundarra. Ikasleek maisu-klaseak, hitzaldiak, zine-foruma eta kontzertuak izan zituzten. Irakasleen esanetan "kanpusak buru-belarri musikan murgiltzeko aukera eskaintzen du eta ikasturte arruntean baina gehiago aurreratzen da". Hain zuzen, inpresio horrekin itzuli da Beatriz Ramos: "interes eta asmo berdina duten gazteak aurkitu nituen; asko gozatu dugu akordeoiarekin, bakarka eta taldean" azaldu zigun. Irurtzundarra Iruñeko Pablo Sarasate goi mailako kontserbatorioko 5. mailako ikaslea da. Akordeoi ikasketak batxilergoko 2. mailarekin partekatzen ditu. Leire Aiestaran ere kanpusean izan zen. Olaztiarra ezaguna dugu akordeoiarekin jaso izan dituen sariengatik. 2008an, 13 urte baino ez zituela, Arrasateko Akordeoi Lehiaketako 5. postuan sailkatu zen. Aurten, berriz, Baztango musika bakarlarien saria irabazi du.Nafarroan egiten den ezaugarri hauetako lehen kanpusa da. Ikasleendako esperientzia "interesgarria eta aberasgarria" izan da. Goi mailako kontzertuekin agurtu zuten akordeoi kanpusa.