Ideiak hedatzeko makina

Guaixe 2011ko irailaren 23a

Badira hamaika ideia kontatuak izatea merezi dutenak. Gure burmuinetan gordeak mantendu eta ezagutzera ez emateagatik gure ingurukoek galtzen dituztenak. Gizakiak ideiak sortzeko duen ahalmenaz baino pausu bat haratago ari naiz, hau da, horiek errealitate egiteko gaitasunaz. Eragile diren pertsonen lanaren garrantziaz, alegia.Azken lauzpabost hilabetetan TED · Ideas worth spreading edo ideiak hedatzeko makina (hau da TED modu deskriptiboan azaltzeko aurkitu dudan modurik egokiena) web gunearen bisitari fidela naizen aldetik hasi naiz gai honen inguruan hausnarketa egiten: eragileek eta euren lanak  gizartearen definizio eta bilakaeran duten funtzio erabakitzailea. Seguruenik zuetako batek baino gehiagok dagoeneko pentsatu du gaia aspaldikoa dela, eta neurri handi batean horrela da, baina krisi ekonomikoa aitzakitzat hartuta horrenbeste egitasmori ateak ixten ari zaizkion honetan, gaia mahai gainean jartzera noa; bereziki ezinbestekoa baita kolore griseko testuinguru honetatik ateratzeko eragilearen figura.Zergatik ez egin gure neurrira, gure beharretara, gure izaerara egokitutako TED bat? Gutariko bakoitzaren barrenean eragile txiki bat badela jabetzen lagunduko liguke.Adibide txiki bat baino ez dut jarriko: pasa den igandean Etxarri Aranatzen ospatu zen "artea kalea" egunari esker deskubritu dut talentu handia duen jendez inguratua bizi naizela. Ordura arte ez nuen pertsona horietako askok argazkilaritzan, musikagintzan, dantzan, interpretazioan, margogintzan eta bestelako alor artistikoetan zuten trebeziaren berri. Zergatik ez probestu gure ideia eta gaitasunak? Zergatik ez sortu gure ideiak hedatzeko makina bat? Gure ondoan bizi direnen gaitasun eta ideiak ezagututa izanen gara bakarrik horietan oinarrituta elkarrekin lan egiteko gai.Esango nuke, zeregin honetan Sakanako Mankomunitateko zein Udaletako politikari eta  teknikariek badutela zeresan handia.Ana Lasa Senar