Buruari eragin, euskara ikasiz

Guaixe 2011ko irailaren 26a

Horixe da Nafarroako Euskara Zerbitzuek euskaltegietan izena ematera animatzeko antolatutako kanpaina. Euskara ikasi edo alfabetatzeko. Leloarekin batera adierazi dute baikortasuna dela gaztetasunaren giltza. Eta gaztetasuna, gehienbat, buruan dagoela. Ikastea dela burua bizi eta gazte izateko modu hoberena.Kanpaina horren barruan, euskara ikasleei hitz-bingo batean parte hartzeko gonbitea egin diete zerbitzuek. Euren euskaltegiko ordezkariekin parte hartu eta tarte atsegin bat pasatzeko aukera izanen da. Jokoan hiru matrikula erdi egonen dira. Irabazleek euskaltegira eraman eta han ikasleen artean zozketatuko dira. Hitz-bingoa ostegunean da, 19:00etan, Artikako Kultur etxean.