Gaurkoan Gudari Eguna ospatuko da

Guaixe 2011ko irailaren 27a

36 urte pasa dira Francisco Franco diktadoreak FRAPeko 3 kide eta ETAko 2 fusilatzeko agin du zuela. 1975eko irailaren 27an hil zituzten eta orduz geroztik ezker abertzaleak heriotza horiek gogoan ditu, Gudari Egunean. Gaurkoan Etxarri Aranatzen eginen den manifestazioan parte hartzera deitu du, 19:30ean abiatuko da. Ezker abertzaletik azaldu dutenez, "Etenik gabeko borroka eta lan eraikitzaileak kokatu gaitu gaur, ziklo politiko berri baten atarian. Helburuak mantenduz, borroka tresna eta konfrontazio parametroak moldatu" dituela dio, "Euskal Herriaren aldeko indarrak bildu eta aktibatzeko asmoz, Euskal Herria eta Estatuaren artean kokatuz gatazka politikoaren mamia, eta ondorioz, euskal jendartean jarriz gatazkaren korapilo nagusiak askatzeko subiranotasuna eta ardura".Independentzia eta sozialismoaren aldeko indarrak biltzeko deia egin du ezker abertzaleak, "antolatuz eta herri hau eraikitzeko lanetan buru belarri murgilduz, biharkoari esperoan egon gabe". Proiektu politiko guztiak baldintza berdinetan lantzeko eta garatzeko baldintzak bermatu beharra nabarmendu du. Eta oinarrizko baldintza demokratikoak lortzeko bidean hasierako urratsak eman dituela adierazi du ezker abertzaleak: "ilegalizazioaren garaia politikoki gainditua gelditu da, adibidez". Horren moduko lorpen gehiago lanaren eta borrokaren bidez lortu beharko direla ere aurreratu du, "parean daukagunak ez baitigu gogoz ezer aitortuko". Iparra garbi izanda, Euskal Herri Independiente, sozialista eta euskalduna, bidea pausoz pauso ibiltzeko deia egin du ezker abertzaleak. Helburua lortzeko prest daudenei Euskal Askapenerako Mugimenduan tokia dutela azaldu, lanari lotzeko deia egin du ezker abertzaleak.