Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gaur goizean, Sakanako Mankomunitatean, lastailaren 9an ospatuko den XVIII. Txirrindula eguna aurkeztu da. Aurkezpenean Aitor Karastorre, mankomunitateko lehendakaria eta Amaia Gerrikagoitia kirol teknikaria egon dira. Bertan batetik Sakanan txirrindularitzak duen egoera azaldu dute eta bestetik Txirrindula egunaren helburu eta berezitasunak aurkeztu dira. "Sakanan gaur egun 2 txirrindularitza eskola daude Aralar 33 partaiderekin eta Burunda 31 partaiderekin. Afizionatu maila Caja Rural taldea dago eta profesionaletan kopuru oso ona dagoela azpimarratu nahi dugu, Verdugo, Martinez, Urtasun, Azanza... "Ikusten da Sakanan afizio handia dagoela bizikletan ibiltzea eta hori sustatzeko asmoarekin antolatzen dugu egun hau" adierazi dute antolatzaileek.Hortaz aparte "lasterketa lehiakorra ez den aldetik, egun honen helburu nagusia batetik orain udazkenean Sakanan dauden kolore guztiak gozatzea, bertako herriak ezagutzea eta bide batez, goiz atsegin bat pasa eta elkarren arteko erlazioak bultzatu nahi dira" eta bertan "adin guztietako pertsonek parte hartu ahalko dute, haurrak nola helduak".Txirrindula egun hau oso arrakastatsua izan ohi da, Sakanako partaideez aparte, Iruñerria eta Arabako jendeak ere parte hartzen duelako bertan, "partaide guztiei zabaldua dagoen martxa baita". Pasa den urtean 250 partaide inguru egon ziren eta eguraldia ez zenez oso ona izan, aurten eguraldi hobea egingo duen esperantzarekin 400 partaide inguru espero dira.Ibilbideak 41 km ingurukoa izango da, Irurtzunetik hasi eta Altsasun bukatuko da eta Lakuntzan geldialdi bat egingo da, deskantsatu ahal izateko. Aurtengo berezitasuna Lakuntzan poligonoetatik behera joango dela izango da, lehen aldiz Lizarragabengoatik pasatuz."Izena emateko azken eguna lastailaren 5a izango da, herri bakoitzean aipatutako lekuetan edo Mankomunitatera hots eginez" eta antolakuntzatik adierazi dute "izena ematea derrigorrezkoa dela, autobus eta kamioiak herrietan zehar prestatuko direlako partaide eta bizikletak jasotzeko". Lasterketan parte hartu ahal izateko "mendiko bizikleta, kaskoa eta ogitartekoa eraman beharko dira".