Ahozko literatura bizi-bizirik dago Sakana osoan. Lehengo istorio zaharrak, belaunaldiz belaunaldi, aminen ezpainetatik iloben belarrietara iragan dira, gure burmuin eta bihotzetan gordelekua aurkituz. Jentilen istorioak izan dira, beste askoren artean, txikitandik gehien harritu nautenak. Ageda Urrestarazu, Filaskoa, Altsasuko azken euskaldun zaharretarikoa zen, azkena izan ez bazen. Jario ederra zeukan euskaraz hitz egitean, Altsasuko hizkera Tolosakoarekin tindatuz, hango euskara "garbia eta polita" baitzen. Horretaz gainera, kultura handiko emakumea zen, eskolan berak nahi izango zukeen bezain bat urte emateko aukera izan ez bazuen ere.Behin, galdera labur bat egin nion: "Non bizi ziren Jentilak?", eta erantzun luzea eman zidan berak. Berari, Agedari, eta, bide batez, umetandik horrenbeste liluratu nauten Urdiaingo izaki misteriotsu hauei, jentilei, omenaldia egin nahiko nieke nire lehenengo zutabe honetan, nire arima fantasia eta errealitatea nahasten ziren garai haietara joaten baitzait Agedak duela hogeita hamar urteko arratsalde batez kontatutakoaz oroitzen naizen bakoitzean: "Nik eztakit non bizi ziren; jendiak esaten zuen, hor (nola zaizkios basu horri?), Saraben eta Urrizdin, guain esaten duei piszinak da. Eta de bi haitze, hau haitz bat balitz bezala, hau, eta bestea hor, bi haitz de, haundiak! Eta haitz batetik bestea egiten zuela pausoa, pasatzen zirela pausokan, haitz batetik bestea pausokan!Zu ez zaa yon han sekula ere? Dago laiho bat, e? Junez-junez, ikusten da laihoa, hola, metro bat dauka! Hori bezalako leihoa da, e? Haitzian, e? Haitzian dago!Bestaldetik, alde hontatik ez, e?, bestaldetik (ni ez naiz yon, e?, nere semia bai) sukaldea omen dago, Jentilen sukaldea! Sukalde txikiren bat, haitzian, e?, Jentilak in zuela! Pues barrenokin ero, ez dakit ba, denbora hartan barrenok ero zer...! Berak bilatu zen aizkoria bat, holako aizkoria txiki bat, eta puntan zaukien harria, haitz-harria, e? Aizkori harrizkoa, baino girtena zeukan ya pasatuik. Eta esan zuen, hau jentileena da! Berak esaten zuen: aizkori hau jentilak ine zin ta agoa zukan oso zorrotza. Eta heltzeak, eta kazuelak, eta tazoiak, buztinakin egosi... eta holaxen."Agedak zioenez, "ordun, basoa zoon sarri, ezin ibili! Bason ezin ibili, personia bai, baino gurdik ez! Gurdiak ezin zian ibili, e? Bidin; solo, bakarrik, bidian! Bidek ee oso estuak, meharrak, zegatik baso haundia zegon! Santo Kristoindo zan basoa."Oraingo bide berriak zabalagoak dira baina zabaltasun horretan galtzen ari dira bide estuetako istorioak eta bidezidor izkutuen kondairak. Ez dadila gauza bera gerta gurean! Jentilen oroitzapena bizirik segi dadin gure bihotzetan!Juankar Lz-Mugartza Iriarte