Hostoak behera, liburuak esku artera

Guaixe 2011ko irailaren 29a

Udazkena asmo berrien garaia izaten da. Eguraldia kaxkartzen eta eguna mozten hasten den honetarako plan aproposarekin gatoz: etxeko goxotasunean irakurtzeko urtaro aproposa da. Gainera, Sakanako irakurle taldeek irakurritako horri zukua ateratzeko aukera eskaintzen digute. Gure bailaran lau talde daude: Olaztiko, Altsasuko eta Irurtzungo liburutegien inguruan sortutakoak eta Altsasuko Kima euskara taldearen ekimenez sortu zen Testu bazka.Irurtzunen 2. urteaIrurtzungo irakurle taldeak lastailaren 31n hasiko du ikasturtea, Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea liburuarekin. Hurrengo hilabeteetan bertako eta atzerriko idazleak lantzeko asmoa dute, "beste kultura batzuk ezagutzeko modua baita". Hautatutako liburuen artean daude Chinua Achebe idazle afrikarraren Todo se desmorona eta Jose Andre Alvaro Ocarizen Celaya esencial. Irurtzungo irakurketa taldea joan zen ikasturtean sortu zen, Irurtzungo Udaleko Kultura Kontseiluaren bultzadarekin. 10 bat lagunek hasi zuten irakurketa bidaia. Hilean behin biltzen dira, azken astelehenean, eta literatura estilo ezberdinak aztertzen dituzte. Sofia Villegas taldearen dinamizatzailearen esanetan, dinamika parte-hartzailea dute: "liburuan gustatu zaiguna eta gustatu ez zaiguna, idazlea eta estiloa, garaia eta beste komentatzen ditugu taldean. Denen artean irakurritako liburuan sakontzen dugu" azaldu digu taldeko dinamizatzaile Sofia Villegasek. Irurtzungo irakurketa taldeak ateak zabalik ditu irakurtzea gustuko duen guztiendako. "Kriterio ezberdinak entzuteko eta idazle berriak aurkitzeko aukera polita da" animatzen du Sofia Villegasek.Olasagarre OlaztinOlaztiarrek sakandar baten liburuarekin hasiko ditu ikasturtea: Juanjo Olasagarre arbizuarraren Ezinezko maletak liburu sarituarekin (Kritika Saria). Arbizuko idazleak hitzaldia eskainiko du Olaztin, lastailaren 27an. Hurrengo hilabeteetan Marta Rivera de la Cruzen En tiempos de prodigios eta Jose Saramagoren Ensayo sobre la ceguera irakurri dituzte.Olatzagutiko irakurle taldeak indartsu hasi zuen ibilbidea 2009an. 10 bat lagunek eutsi diote hileroko hitzorduari, gehienak emakumeak. Olaztiarrak hilean behin elkartzen dira, kultur etxean. Liburuzaina liburuak eskatu eta hitzorduak jartzez arduratzen da. Bestelakoan, taldea autonomoa da: bildu eta denen artean irakurritako liburua lantzen dute.Hirugarren ikasturtearen atean, Arantxa Alava liburuzainak irakurle taldean parte hartzera animatzen ditu olaztiarrak. Altsasun talde beteranoaAltsasuko irakurle taldeak lastailaren 19an hasiko du aro berria, Jokin Muñoz nafarraren Antzararen bidea liburuarekin (Euskadi Literatura Saria 2008). Literatura saioa azaroaren 16an itzuliko da Paul Auster idazlearen Brooklyn Follies liburuarekin. Bi liburu sortak Altsasuko udal liburutegian daude.Altsasuko irakurle taldea Sakanako beteranoena da. Berdintasun Sailaren eta udal liburutegiaren ekimenez sortu zen. Elena Aristorena liburuzainak arduratzen da liburu sorten eskaeraz. "Liburu mamitsuak, hitz egiteko jokoa ematen dutenak aukeratzen saiatzen gara" dio. Irakurle taldeko kideak hilaren erdialdean elkartzen dira, Iortia kultur gunean. Gainera, ikasturtero bi idazle gonbidatzen dituzte, liburuak haiekin komentatzeko. Joan zen ikasturtean 15 bat lagun biltzen ziren hilero, lastailetik garagarzaroa. Ekainean haiekin bat egitera animatu zituzten altsasuarrak "literaturaz gozatzeko eta gure taldea gero eta aberatsagoa izateko".   Testu bazka: euskarazko eskaintzaAltsasun bada literaturari zukua ateratzeko biltzen den beste talde bat, Testu bazka. Zenbait berezitasun ditu: liburuak beharrean, pasarteak, testuak edo kontakizunak irakurtzen dituzte, beti ere, euskaraz, eta ez dute etxeko lanik. Testu bazka Kimaren bultzadarekin sortu bazen ere, orain talde autonomoa da. Joan zen ikasturtean zazpi bat lagunek osatzen zuten taldea. Hilean behin zuten hitzorduak ez zituen asetzen eta ikasturte erdialdetik bi astetik behin biltzen dira. Izaskun Etxeberriak proposatutako testuak irakurri, eta denen artean mamia ateratzen diote. Lastailaren 19an hasiko dute ikasturte berria. Andu Lertxundiren Eskarmentuaren paperak liburuko pasarteekin.Nafarroako Liburutegi SareaIrakurle taldeak Nafarroako Liburutegi Sareko loteez hornitzen dira. 20na aleko 259 liburu sortaren artean aukera daiteke.Lastaileko hitzorduakIrurtzun: Lastailak 31, astelehena. Soinujolearen semea-El hijo de acordeonista (Bernardo Atxaga)Olazti: Lastailak 13, osteguna. Ezinezko maletak-Maletas imposibles (Juanjo Olasagarre)Altsasu: Lastailak 19, asteazkena. Antzarren bidea-El camino de la oca (Jokin Muñoz)Testu bazka (Altsasu): Lastailak 19, asteazkena. Eskarmentuaren paperak (Andu Lertxundi)