Argindar eskaera bikoiztu egin da

Guaixe 2011ko urriaren 6a

Industria arloan hornidura arazoak egon dira eta gaitasun handiagoko linea eskatu dute enpresek. Lineak bi hamarkadetan arazorik ez egoteko proiektatzen dituztela gaineratu dute REEtikRed Electrica Española (REE) argindarra banatzeaz arduratzen den enpresarekin harremanetan jarri da Guaixe astekaria, Deikaztelu eta Itsaso artean egitea aurreikusi den 400 kV-ko argindar linearen berri jasotzeko. Izan ere, enpresak bi herriak lotzeko aurkeztu dituen 69 ibilbide aukeren artean Sakanan barna pasatzen denik bada.  REEko Nafarroako delegatu  Antonio Gonzalez Urkijok esan digutenez, "linea hori Kantauri aldeko garraio sarea saretzeko premiagatik" aurreikusi da, "penintsula ekialdea eta mendebaldea lotuz". Horretaz gain, linea berriak "Nafarroako eta Euskadiko arazo energetikoak konponduko lituzke". Gonzalezek azaldu digutenez, "gaur egun Nafarroak sortzeko gai den energiaren %25 esportatzen du; Euskadik, berriz, kontsumitzen duenaren %30 inportatzen du. Beraz, bi erkidegoak konektatzea ezinbestekoa da, Nafarroako soberakina behar den tokira eramateko". REEko Nafarroako delegatuak azaldu digunez, "Nafarroan gaur egun ezin dira haize errota gehiago jarri, sortzen duten argindarra garraiatzeko sarerik ez dutelako". Gonzalezek gehitu dutenez, zenbait gautan, eskaera txikia izan denean eta haize bolada handiak egon direnean, errotak deskonektatu behar izan dira argindarra ezin zelako kontsumo guneetara garraiatu. Nafarroa hegoaldean hornidura arazoak daudela eta hori konpontzeko Lizarraldeko azpiegiturak beharrezkoak direla gaineratu digu.Hornidura arazoakSakanako enpresek argindar hornidura arazorik izan duten galdetuta, baietz adierazi du Gonzalezek, eta kaltetuek garraio gaitasun handiagoa duen linea eskatu dutela azaldu digu. REEk gogora ekarri du ibarretik 220 kV-ko bi linea pasatzen direla, aurreko mendeko 20ko (Lizarrustikoa) eta 70eko hamarkadetan eraikiak (Etxegaratekoa). "Ordutik ez da berririk egin. Bien bitartean 2000 eta 2010 urteen artean argindar eskaera bikoiztu egin zen". Enpresa banatzaileak 400 kV-ko linea berriaren alde egiteko ere argudiatu du: Etxegarateko linea bere garaian herrietatik urrun pasatzen zela, baina herriak haztearekin batera industrialde eta herri inguruen barruan gelditu dela. Linea berriak gune horietatik aldentzeko balioko lukeela dio.Gonzalezek aurreratu digunez, "pasabidea aukeratzen denean ukitutako udal guztiekin bilduko gara, eraikiko den behin betiko ibilbidea adosteko". AurreikuspenaSakanan argindar kontsumoa handitzea aurreikusten duten galdetuta, Gonzalezek azaldu digu badaudela zenbait industria eta etxebizitza promozio eskualdean argindar hornidura beharrezkoa dutenak aurrera eginen badute. Enpresak nabarmendu nahi izan du halako lineak "hurrengo bi hamarkadetan behar energetikoak aseta gelditzeko planifikatzen direla". Aldi berean, Gonzalezek aitortu du krisiarekin argindar kontsumoa txikiagoa izanen dela, "aurreikuspena % 1,5 edo 2ko hazkundea da". Krisi aurretik %4 edo 5 hazten zen eskaera.  AlegazioakREE aurtengo martxoan hasi zen linea honen egitasmoa tramitatzen. "Jakin genuenean erakundeetara agorrilaren hasieran iritsi zela, alegazio epea 15 egun zabaltzea beharrezko zela ikusi genuen". Aurkeztu diren alegazioen kopurua handia izan dela aurreratu digu, baina ez digu kopururik zehaztu. Gonzalezek azaldu duenez, "agente guztien parte hartzea ezinbestekoa da. Alegazioak oinarrizko informazio iturri dira eskualdea ahalik eta hobekien ezagutzeko eta gizarte eta ingurumen inpaktu txikiena duen ibilbidea aukeratzeko". AtzerapenaIaz atzera bota zen Castejon eta Gasteiz Lizarraldeatik eta Arabako Mendialdetik lotuko lituzkeen linea. Gonzalezek argitu digunez, horrek azpiegitura martxan jartzea bi urte atzeratu du. Hala ere, argindar banaketa enpresa "pozik dago lortutako akordio politikoarekin, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Diputazioaren eta Nafarroako Gobernuaren oniritzia duelako".  Alegazioen tramitazio bideaLinearen proiektua hasierako fasean dago, aurre kontsultarako. Udalek, elkarteek, talde ekologistek eta bestek alegazioak aurkeztu dituzte. Haien gainean Ingurumen Ministerioak erabakiko du eta alternatiba egokiena hautatuko du. Orduan, REEk aurreproiektua eta ingurumen inpaktu ikerketa eginen ditu. Bi agiriak jendaurrean jarriko dira. Ordurako lineak ibilbide "zehatz eta justifikatu bat" izanen du. REEtik adierazi digutenez, bi txosten horiek idazteko enpresa ukitutako alde guztiekin bilduko da, "aukeratutako trazatuak ahalik eta adostasun handiena izan dezan". Jendaurreko epe hori bukatu ondoren, Ingurumen Ministerioak egoki jotzen badu, ingurumen inpaktu deklarazioa onartuko du. Agiri horretan, behin alegazioak aztertu ondoren,  Ministerioak egoki jotzen dituen hobekuntzak gehituko ditu.