Clinker kluba: tradizioa eta modernitatea

Guaixe 2011ko urriaren 14a

1962.urtean Fernando Redon eta Javier Guibert arkitektoek  Olaztiko herritarrentzako eta bereziki porlandegiko langileak elkartzeko eraiki zuten.  Baina club honen ezaugarri formal eta konstruktiboek, Nafarroako  arkitektura modernoa ulertzeko ezinbesteko eraikina bilakatu dute:  herri-arkitektura  eta arkitektura garaikidea uztartu zuten.

Proiektua  diseinatzeko garaian Sakanako baldintza klimatikoak eta bertako herri-arkitektura aintzat hartu zituzten, erakinaren erabilera sozialaz gain.Horrela, baserriaren ezaugarri nagusietan oinarrituz (oinarri karratu edo laukizuzena eta bi isurkiko estalkia) hiru aldaketa nagusi egin zituzten:

1. Oinarria lekualdatutako bi karratuk osatzen dute, eta horrek eraikinari mugimendua eta desoreka ematen dio, fatxadetan tolesdura eta atzeraemateak sortzen ditu, eta bolumen konpaktua suntsitzen du.

2. Eraikina ardatz kardinalekiko biratuz, baserri diagonal bat sortu zuten: estalki simetriko eta estatikoa dinamiko eta zeiharra bilakatu zuten; estalkiak fatxadak baino garrantzi handiagoa hartu zuen.

3. Eraikinaren egitura hormigoi armatuzkoa da, eta agerian utzi zuten, bai barruan eta bai kanpoan. Proiektuak irtenbide arrazioanalak bilatzen ditu, solairua guztiz artikulatuz.

Honetaz gain, arkitektura modernoaren zenbait bereizgarri gaineratu zituzten:Nahiz eta maldarik gabeko lurzoruan egon, solairu nagusian maila ezberdinak sortzen dira, estantziak ezberdintzeko. Hauen arteko itxidurak ez dituzte bereizten, beiraren erabilerak, begirada batean ulertu daiteken esparru bakarra sortarazten du.

Estalkia itxuraz sinplea badirudi ere, gailur inklinatuak dituzten bi isurkik osatzen dute, bata bestearen gainean jarrita, eta haien artetik argia barruraino sartzen da eskailera eta atartea argiztatzeko. Inklinazioaren arabera fatxadaren tamaina aldatzen da: txikiago, hego aldetik datozen euri eta haize boladen eragina gutxitzeko; eta haundiago, iparreko eguzki izpiak aprobetxatzeko.

Teilatuaren ertzetako zuntxoaren tamaina nahita handiagotu zen, bere presentzia egitura ortogonalaren aurrean nabarmentzeko. Proiektuak irtenbide arrazionalak bilatzen ditu, solairua guztiz artikulatuz. Erabilitako materialak, arotzeriaren konposizioak eta egiturak berak ere itxura neoplastikoa ematen diote.

Erta Elizondo Arruabarrena