Txirrindula eguna dagoeneko adin nagusikoa

Guaixe 2011ko urriaren 11

Txirrindularien artean ospatu ditu Txirrindula Egunak bere 18 urteak. Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak Burunda eta Aralar txirrindulari taldeen laguntzarekin eskarmentu handia dute egun hau antolatzen. "Sakana bizikletaz ezagutzen" leloa zuen Irurtzunen hasi eta Altsasun despeditu zen proba ez lehiakorrak, eta helburu hori bete zuten parte-hartzaileek, herriak eta txokoak ezagutu baitzituzten. Aurtengo ibilbidea Irurtzundik hasita herri guztietatik pasa ziren Lakuntzaraino heltzeko. Han hamaiketakoa hartu ondoren, lehenengo aldiz Lizarragabengoatik Arbizura igo eta Etxarritik Burundarako bidea hartu zuten, Altsasun bukatzeko. 41 km osatu zituzten guztira. 250 partaide inguruGoizeko 9:00etan 150 txirrindulari inguru abiatu ziren Irurtzundik. Euria iragarrita zegoen, baina lasterketa hasieran eutsi zion eta bizikletan aritzeko eguraldi aproposa gelditu zen. Ohikoa denez, DYA, mekanikoak, autobusa eta beste zihoazen tropelaren atzetik, txirrindulariek izan ahal zituzten arazoak konpontzeko, eta nekearengatik edo beste arrazoi batzuengatik ibilaldia utzi nahi zuten txirrindulariak hartzeko. Lakuntzan 250 parte-hartzaile inguru zenbatu zituzten antolatzaileek. Aurretik 380 pertsonek eman zuten izena, baina asteburuko eguraldi kaxkarrarekin jende askok atzera bota zuen igandea bizikletan ibiltzeko plana.Hala ere, parte-hartzaileek egun politaz gozatzeko aukera izan zuten, euria Egiarretan bakarrik agertu baizen, eta gainontzean eguzkia agertu ez bazen ere, txirrindulariek eguraldi bikaina izan zuten Sakana bizikleta gainean zeharkatzeko. Erorketaren bat edo beste, zulatuak, baina ez zen aparteko arazo larririk egon.