Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) zuzendaritza duela bi aste osatu zen. Zuzendaritzako kide den Eneka Maiz Ulaiar etxarriarra Beleixe Irratian (FM 107,3) izan da aste honetan, UEMAren egitasmoen berri emateko. UEMAren egiteko nagusi izaten jarraituko du euskararendako "arnasgune bat" sortzea, "euskara nagusi den herrien lurgunea sortzea. Toki erreferentzial bat. Presionatzeko, aldarrikatzeko eta eskubideak bermatzeko". Bizitza soziala bermatzeko baliabideak jartzen segituko du UEMAk. Aldi berean sozio-ekonomia eta kultura arloekin eskutik lan eginen dute hizkuntza politikan. Herritarren hizkuntza eskubideak bermatzen ahaleginduko da UEMA ere. Mankomunitate euskaltzaleko zuzendaritza berriko hurrengo lau urtetarako erronkak finkatzen ari dira. Baina Maizek Beleixe Irratian (FM 107,3) aurreratu zuenez, "beste fase batean sartuko gara. Orain arte arlo teknikoa asko landu da: itzulpenak, hiztegigintza, langileak trebatu... Berme minimo bat badugu alor horretan. Ziurrenik, orain lan politikoagoa eginen da". Maizek ziurtatu zuenez, euskaldun diren udalerrietan arazo handiak daude legeak aplikatzeko. "Legeak traba izaten dira askotan euskaraz funtzionatu ahal izateko. Eta, bestetik, ahalegina eginen da udal euskaldunak direnak horrela jarrai dezatela izaten". IbarrazUEMAk Sakanarako duen plangintzaz galdetuta Maizek erantzun zuen "labean" dutela, baina oinarri batzuk aurreratu zituen. "Mankomunitateak hartzea lidergoa eta ardura Sakanako hizkuntza plangintzen gaineko koordinazioa eta jarraipena egiteko". UEMAkoak izan edo ez, ibarreko udal guztiek bete beharreko gutxieneko batzuk jarriko zirela ziurtatu zuen Maizek. "Udalean gutxieneko hizkuntza politika bat egitea derrigorrezkoa izanen da". UEMA eta herrietako batzordeak Mankomunitatearen lan esparruarekin lotuko dutela aurreratu zuen Maizek, eta Mankomunitatearen zeregin hori "behar-beharrezkotzat" jo zuen. Koordinazioa beste esparru batzuetan ere aurreikusia dagoela jakinarazi zuen. Etxarri Aranazko zinegotzi ere bada Maiz, eta legegintzaldi honetan udalaren hirugarren erabilera plana eginen dutela aurreratu zuen Beleixe Irratian (FM 107.3). Orain arteko lorpen "garrantzitsuak" aipatu zituen: herritarrei begira langileek euskaraz egiten dute lan, kasu batzutan euskara hizkuntza erreferentziala da. Hala ere, Kontseiluak iaz udalaren hizkuntz neurketa ez zuela gainditu gogoratu zuen eta egiteko "lan egiteko asko" dagoela ziurtatu zuen. Euskara hizkuntz erreferentziala izatea nahi luke, "elebidun nahi duena izanen du". Udal agirien sortze hizkuntza euskara izatea, udal kontratazioen baldintza pleguetan euskara presente izatea eta beste.