Bihar erabakiko da Mus-Ramy 71 txapelketa

Guaixe 2011ko urriaren 21a

Final handia Uharteko igerilekuan jokatuko da, bihar, 16:30eanSakanako Mus-Ramy 71 txapelketa amaitzear dago; final handia baino ez da falta. Irurtzungo eta Uharte Arakilen finen ibili diren bikoteek lortu dute finalerako txartela.Uharte Arakilgo igerilekuko Itxesi jatetxean erabakiko da, bihar, 16:30etatik aurrera. Semifinalak ere bertan jokatuko dira. Ondoren, sari banaketa ekitaldia eginen da. Antolatzaileek "sari bereziak" iragarri dituzte.Euskal Herrian musa bezain ezaguna da Marokon ramy 71 karta jokoa. Bi herrialdeetan dagoen karta-zaletasuna kontuan izanik, Sakanako Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzuak eta Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak karta txapelketa mistoa antolatu zuten. Bikoteak jatorri ezberdineko jokalariz osatu behar ziren eta bi karta jokoetan aritu behar ziren. Hartu-eman politaHilaren hasieran eman zioten hasiera karta txapelketa bikoitzari. Jatorri ezberdineko jokalariz osatutako 14 bikotek parte hartu dute lehiaketan, 8k Irurtzunen eta 6k Uharte Arakilen. Beste bi bikotek ikastaroetan parte hartu zuten, baina ez ziren lehiatzera animatu. Mus eta ramy 71 ikastaro azkarrak eman zion hasiera txapelketari lastailaren 7an. Bertakoek eta sakandar berriek karta jokoen gorabeherak bereganatu zituzten, eta hurrengo egunean lehian sartu ziren. Txapelketa Irurtzungo Pikuxar euskal txokoan eta Uharte Arakilgo igerilekuko tabernan jokatu da. Herri bakoitzeko bikote onena finalera sailkatu da. Uharte Arakilen atzo erabaki zuten finalista; Irurtzunen, berriz, gaur erabakiko da. Kultur anitzeko sakandarren artean hartu-eman aberatsa eta konplizitatea nagusitu da. "Berdin zuen Marokokoa edo Sakanakoa, neska edo mutila izan, umore ona, elkarlana eta azalpenak nabarmendu dira" esan du pozik Bego Zestau immigrazio teknikariak. Txapelketak ramyan adituak diren sakandarrak eta musean adituak diren sakandar berriak utziko ditu. Hortaz, ez da harritzekoa izanen etorkizunean txapelketa gehiago jokatzea.