Mendira joateko aitzakiarik ez

Guaixe 2011ko urriaren 21a

Iñigo Aritza eta Andra Mari ikastolek mendi irteera antolatu dute Urederrara. Ibilaldia etzi, igandea, izango da. Guztiak elkartzeko Olaztiko ikastolan jarri dute hitzordua, goizeko 09:30ean.Orain dela gutxi Urdiainen mendi taldea osatu dute. Eta hurrengo irteera igandean eginen dute Frailezulora. Hitzordua goizeko 08:30ean da, herriaren etxean.Urtero bezala, aurten ere, Nafarroako Mendi eta Eskalada Federakundeak kluben eguna antolatu du. Aurtengoan, San Adrianen izango da elkarretaratzea eta Sakanako Mendizaleek gonbitea luzatu dute bertan parte hartu nahi duen guztiarendako.Igandean ere, IV. Arakilgo mendi ibilaldia antolatu du Arakilgo Udalak. 08:00etan izango da irteera Hiriberritik eta Valle de Atatik San Migelera igo ondoren, 15:00etan bazkaria izango da Satrustegin.Heldu den astean, hilak 30ean, Sakanako mendizaleek Euskal Herriko erdigunera mendi irteera antolatu dute. Martxaren ondorengo paellada egingo da. Izena emateko hots egin 62019027 zenbakira.