Abian-ek ibarreko egoerarekin adi segitzeko eskatu du

Guaixe 2011ko urriaren 24a

Ostiralean 400 pertsona inguru bildu ziren Abian plataformak deitutako manifestaldian. Kaleratze gehiagorik ez. Sakanan bizi eta lan pankarta eraman zuten Sunsundegui eta Josefina Arregi zentroko langileek. Akaberan, zentroko langile Arantza Salegik zentroari buruzko azken berriak azaldu zituen eta esan zuenez "14 egun itota egon ondoren, oraingoz hatsa eman digute. Kontzertu berria negoziatzerakoan borrokatu beharko dugu oraingoa ez baita nahikoa. Ea zer gertatzen den ilbeltzaren 1ean".Sunsundeguiko langile Jose Luis Ojerrek jakinarazi zuenez, Sodenak enpresa erosiko du. Hark esan zuenez, "sei hileko luzapena da. Inbertitzailea sartu edo kooperatiba sortu beharko da epe horretan. Haiek uste dute nahikoa inbertitu dutela. Erraza litzateke gu uztea. Sei hileko agonia. Ea zer gertatzen den.Abian plataformako Mikeldi Diazek Nafarroako Gobernuaz gehiegi ez direla fidatzen esan zuen. Diazek sakandarrei alerta egoteko eskatu zien, "murrizketekin Nafarroako Gobernua nahiko bortizki ariko dela uste dugu. Kalera ateratzeko momentua izanen dela uste dugu". Horregatik, adi egoteko eskatu zuen, "Sakanak merezi duelako eta Sakanan ezin dugulako kaleratze bat gehiago ere onartu".