Jatorri ezberdineko 14 bikote lehiatu dira

Guaixe 2011ko urriaren 25a

Larunbat arratsaldeko bigarren eta azken saioa ilundu arte luzatu zen, izan ere, finala jokatu zuten bi bikoteek berdinketa hautsi behar izan zuten. Abid Chafia eta Samir Boukayouaa bikoteak Rami 71 jokoa irabazi zuen; Urko Manduit eta Said Chafiak, berriz, musean lortu zuten garaipena. Azkenean, Rami 71rekin hautsi zuten berdinketa; eta zoria, Manduit eta Chafiaren alde jarri zen. Irabazleek txapel bana jaso zuten, euskaraz eta arabieraz idatzita.Sakanako Mus-Ramy 71 txapelketako finala aurreko larunbatean jokatu zen Uharte Arakilgo igerilekuko Itxesi jatetxean. Guztira 14 bikote lehiatu dira, eta giro ona nagusi izan da lehenengo edizioan. Sakanako Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzuak eta Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzua izan dira antolatzaileak. Bikoteak jatorri ezberdineko jokalariz osatu behar ziren eta bi karta jokoetan aritu behar ziren.Hartu-eman politaHilaren hasieran eman zioten hasiera karta txapelketa bikoitzari. Jatorri ezberdineko jokalariz osatutako 14 bikotek parte hartu dute lehiaketan, 8k Irurtzunen eta 6k Uharte Arakilen. Beste bi bikotek ikastaroetan parte hartu zuten, baina ez ziren lehiatzera animatu.Kultur anitzeko sakandarren artean hartu-eman aberatsa eta konplizitatea nagusitu da. "Berdin zuen Marokokoa edo Sakanakoa, neska edo mutila izan, umore ona, elkarlana eta azalpenak nabarmendu dira" esan du pozik Bego Zestau immigrazio teknikariak. Txapelketak ramyan adituak diren sakandarrak eta musean adituak diren sakandar berriak utziko ditu. Hortaz, ez da harritzekoa izanen etorkizunean txapelketa gehiago jokatzea.