Nafarroako Gobernuak hezkuntza arloan iragarri duen aurrekontu murrizketaren kontra protesta egiten ari dira irakasle eta gurasoak. STEE-EILAS, LAB, CCOO, CSIF eta ELA sindikatuek deituta atzokoan greba eguna izan zuten. Deialdiak Sakanako ikastetxe publikoetan jarraipen zabala izan zuen. Sindikatu deitzaileak, gainera, familiei zuzendu zitzaizkien atzokoan haurrak eskolara ez eramateko, eskolak hutsik egoteko. "Eskola denena dela eta familiek ere hezkuntza komunitatea osatzen duten heinean murrizketak haiei ere eragiten diete". Hala ere, ikastetxe guztietan derrigorrezko gutxieneko zerbitzua egon zen. Ostegunean ere kalera atera ziren irakasleak protesta egitera. Gurasoak lagun kontzentrazioak egin zituzten Irurtzungo plazan, Etxarri Aranazkoan eta Altsasuko udaletxe aurreko aldean. Irurtzunen 52 irakasleetatik 42k greba egin zuten eta beste lau gutxieneko zerbitzuak betetzeko gelditu behar izan zuten. 432 ikasleetatik 56 joan ziren klasera. Aurreko ostegunean 27 irakaslek egin zuten ordu bateko lan uztea eta plazan kontzentrazioa egin zuten. Asteartean Atakondoan bi izan ziren sindikatuen bi orduko deialdiarekin bat egin zutenak. Uharte Arakilgo eskolan lanuzteak ez zituen inork jarraitu eta atzoko grebarekin 3 irakasleek bat egin zuen, beste batek bestelako arrazoiengatik joan behar izan zuen eta gainontzeko 3ak gutxieneko zerbitzuak egin zituzten. Ikasleen %66 ez zen klasera joan atzokoan Uharten. Lakuntzan aho batez erabaki zuten langileek sindikatuen deialdi guztiekin bat egitea. 14k greba egin zuten eta gainontzeko 3ak gutxieneko zerbitzuak bete zituzten. Luis Fuentes eskolan dauden 104 ikasleetatik 20 besterik ez ziren klasera joan. Arbizun irakasle batek greba egin zuen eta besteak, zuzendariak, gutxieneko zerbitzuak bete behar izan zituen. Ikasle arbizuarrik ez zen klasera joan atzo. Etxarri Aranazko San Donato eskolan irakasle gehienak bat egin zuten kontzentrazio eta grebarekin. 22 irakasletik atzokoak 16 greba egin zuten eta gainontzekoak gutxieneko zerbitzuez arduratu ziren. Ikastetxeak dituen ia 200 ikasleetatik 15 bat besterik ez ziren joan. Iturmendiko Arrano Beltza eskolako klaustroa greba deialdiarekin bat egin zuen. Bi irakasle ez ziren lanera joan eta besteak gutxieneko zerbitzuak egin behar izan zituen. Bestalde, ikaslerik ez zen agertu atzokoan eskolara. Urdiaingo eskolan 9 irakasletik 4 greba egin zuten. Gelditu zirenak gutxieneko zerbitzuak bete zituzten. Aurreko egunetan deitutako lanuzteetan, bestalde, irakasle guztiek parte hartu zuten. Ikasleei dagokienez, atzokoan 58tik bat bera ere ez zen eskolara pasa. Altsasun, berriz, Larrezabalgo institutuan irakasleen 69 irakasleetatik 52k greba egin zuten. Beste bi bajan zeuden eta bik gutxieneko zerbitzuak bete zituzten. Ikasleei dagokienez, DBHko 3. mailatik Batxilergoko 2. mailara arteko ikasle bakarra joan zen atzokoan klasera. DBH 1 eta 2. mailei dagokienez, ikasleen erdiak joan ziren. Bestalde, irakasleen %80k bat egin zuten astearteko eta atzoko deialdiekin. DBHko 3. mailatik Batxilergoko 2. mailara arteko talde guztiek ere lanuzte eta grebarekin bat egin dute. Bestalde, institutuko eskola kontseiluak, aho batez, eta irakasleen klaustroaren %94k babestu dute hezkuntzako sindikatuek eta guraso elkarteek hezkuntza publikoaren alde sustatutako manifestua. Lanbide Heziketa institutuan sindikatuen deialdiarekin bat egin zuten 20 irakasleetatik 14k eta bi gutxieneko zerbitzuak egin zituzten. LHko ikasketak egiten ari diren 73 ikasleetatik dozena erdi bat besterik ez ziren joan klasera. Altsasuko Zelandi eskola publikoan 52 irakasleetatik 30k bat egin zuten sindikatuen greba deialdiarekin. Bestalde, 7 irakaslek bat egin zuten astearteko lanuztearekin. Bestalde 450 ikasleetatik 106 joan ziren eskolara. Olatzagutiko Domingo Bados eskolako 19 irakasleetatik 13 erantzun zioten atzoko deialdiari. Atzokoan Olatzagutiko eskolan 109 ikasleetatik 6 besterik ez ziren joan.Landa eremuko eskolek (horien artean Arbizu, Iturmendi, Urdiain eta Olatzagutia) larunbatean Iruñean egin zen manifestazio jendetsuan eta atzokoan pankarta propioarekin atera ziren. Murrizketen adibideakLakuntzako Luis Fuentes eskolan bi urtekoen gela kendu dute. Baina neurriak Kattuka haur eskolaren zabalkundearekin du zerikusia. Irakasle bat gutxiago dute. Hark heziketa bereziko ikasleei laguntza ematen zien. Urdiaingo eskolako irakasle Emmak Beleixe Irratian (FM 107,3) azaldu duenez murrizketa batik bat heziketa berezian nabaritu dela azaldu du. "Duela lau urte lanaldi osoan zegoen espezialista bat. Murrizten joan da eta ikasturte honetan 6 ordutan besterik ez dugu". Heziketa bereziko haurrei erantzun bat ematea garrantzitsua dela nabarmendu zuen Emmak, "gainontzekoei eragiten die. Haur horiek aniztasunean tratatzen ditugu, baina gero arlo guztietan kaltetuenak haur horiek dira". Aniztasun horri erantzuna ematen ez bazaio denek galtzen dugula azpimarratu zuen. Haur kopuru txikia denez presio gutxi eginen dutelako arlo horretan murrizten duela ziurtatu du Emmak Beleixe Irratian (FM 107,3) eta horren kontra jo behar dela nabarmendu du. Lakuntzako eskolan ere antzeko egoera dago. Olatzagutiko Domingo Bados eskolan erlijio irakasleak baja hartu zuen. Hezkuntza Departamentutik jakinarazi dietenez 15 egun baino gutxiagoko irakasleen bajak ez dituztela ordezkatuko. Eta luzera begirako irakasleen bajen kasuan ere 15 egunetan ez dituztela ordezkoak bidaliko. Halaxe jakinarazi dio Josunek, Domingo Bados eskolako idazkariak, Beleixe Irratiari (FM 107,3). "15 egun pasa eta gero bidali dute irakaslea". Etxarri Aranazko San Donato eskolako Leire eta Kontxi irakasleek guztia berretsi dute Beleixe Irratian (FM 107.3) eta gaineratu dute ordezkoa bidaltzen duten bitartean gainontzeko irakasleak zaintzak egiten egon behar dutela. Iribas kontseilariak ordezko irakasleak bidaltzeko epeak arindu eginen dituela jakinarazi du aste honetan, baina oraindik ez da halakorik sumatu. Hilaren 19an baja hartu zuen irakaslearen ordezkoaren zain dauden oraindik ere Irurtzungo Atakondoa eskolan. Domingo Bados eskolako idazkariak, Josunek, bestalde aipatu du ikastetxearen mantenurako Hezkuntza Departamentuak ematen duen dirua bere horretan mantendu dela, baina heldu den urtean zer gertatuko den ez dakitela. Irurtzungo Atakondoa eskolako zuzendari Felix Reyk ziurtatu digunez, egin behar ziren obra txiki guztiak blokeatu egin ditu Hezkuntza Departamentuak.Azkenik, Josunek azaldu duenez, "egoera ekonomiko kaxkarrean dauden familiendako laguntza kopurua bere horretan mantendu dute, familia gehiagok premia izan arren".