Egun hauetan aktualitatea ziztu bizian doala ezin da ukatu. Egunero esnatzen gara titular berri batekin edo, kasu askotan, ohera joan aurretik ere badakizkigu. Aktualitatea hain modu azkarrean doanean informatuta egotea garrantzitsua izan ohi da, nahiz eta zailtasunak ditugun zer den informazioa eta zer spam edo zurrumurruak ezberdintzeko. Jarraipen honetako tresna ia ezinbestekoa bilakatu da Twitter azken aldian.Hasiera batean mezularitzarako tresna bat zena, ondoren microblogging gisako sare sozial gisa garatu zen. Bakoitzak bere sentimenduak, bere informazioa edo bere argazkiak trukatzeko leku bat zen. Twitterren gorakada, baina, askoz garrantzitsuagoa izan da azken hilabete hauetan aktualitatea jarraitzeko ematen dituen baliabideak, berau komentatzeko eta elkarren artean eztabaidatzeko.Egunkari gehienek gaur egun zerbitzua eskaintzen dute, euren irakurleei titularrak eta berriak emateaz gain, bestelako adierazpenak, jarraipenak edo berrietan agertuko ez diren ñabardura txikiak ematearren. Joan zen astean Nazioarteko Konferentzia eta ETAren borroka armatuaren uzteak horren adibide onak eman zituen: erreakzioak minutuan jarraitu ahal ziren, adierazpen ezberdinetako titularrak edo irudi zein nazioarteko egunkarietako mezuak jaso ahal ziren. Gainera iritzia eman eta etiketak sortu ziren, #konferentzia lehenengoan (nahiz eta Kofi Annan jarrita ere mezu zaparrada jaso ahal zen) eta #agurETA batzuek eta #declaracionETA besteek bigarrengoaren kasuan.Etiketa hauek eta bilaketa hauek garrantzitsu bilakatu dira. Trending Topic izeneko fenomenoa sortu dute: zeren inguruan ari da jendea hitz egiten? Trending Topic honen bilaketa hain da garrantzitsua egunkari eta telebista saio batzuek ere gaiak proposatzen dituztela Twitter bidez publizitate gehiago edukitzeko. Hala egin zuen Follonero aurkezleak "#borrandoaeta" izeneko gaiarekin, bere telebista saioa mundu osoan gehien hitz egindako gaien inguruan jarri arte. Euskaldunok ere badugu Twitterren gure txokoa, nahiz eta ez den besteak bezain famatu. Eibarko codesintax enpresak sorturiko umap.eu euskaraz sortutako twitterrak hartu eta bertako hitzak zeintzuk diren esaten digu. Azken 24 ordutan hitzik erabilienak zeintzuk diren erraz ikus daiteke: wcim112, ehgaztekom eta independentzia. #Konponbidea hitzak zein erabilpen izan duen ere azter daiteke http://trendistic.indextank.com/konponbidea helbidean. Altsasuko Hitzondon ere Altsasu eta bere deklinazio guztiak azaltzen dira, eskuineko leihatilan.Twitterrek mezu pila ematen ditu azken egunotan eta bertatik bertara jarraitu dugu askok aktualitatea. Egunkariek ere aldaketak egin dituzte horrekin, eta hurrengo hilabeteetan egongo direnak ezin ditugu aurreikusi, baina ziur emango dutela beste artikulu bat idazteko.Galder Gonzalez Larrañaga