Motibazio "politikoa" ikusi dute AHT-ren atzean

Guaixe 2011ko azaroaren 4a

Sustrai Erakuntza Fundazioak publiko egin zuen herenegun Abiadura Handiko Trenaren (AHT) inguruan Euskal Herriko Unibertsitateak egindako ikerketa bat. Alejo Etchart, Roberto Bermejo eta David Hoyos ekonomistek ondorioztatu dutenez, Nafarroan AHTa bakarrik motibazio politikoengatik eginen da. Hori da egin duten tren azkarraren errentagarritasun sozioekonomikoaren azterketan jaso duten ondorio nagusia. Europako Batzordeak berriki Nafarroan barna pasako litzatekeen Kantauri-Mediterraneo korridorea Europaz gaindiko korridoreen artean sartu du. Txostenaren egileek nabarmendu dutenez, Nafarroako AHT ez da korridore estrategikoen sailkapenean sartzen, baizik eta "sare nagusiaren beste sekzio batzuk" atalean baizik. Hala ere, trenbide bikoitza aurreikusten duela jakinarazi dute hiru irakasleek: bi errail bidaiariendako, bestea merkantzietarako. "Horrek azpiegitura garestitu eta errentagarritasuna hipotekatzen du". Erabaki hori jakin gabe ere, EHUko irakasleek bi itsasoen artean Nafarroak duen kokapen estrategikoa ondorioztatu zuten. Txostengileen ustez Nafarroaren lehentasun ekonomikoa "bere linearen modernizazioa izan beharko luke. Altsasu eta Zumarraga arteko aldapak ez dira merkantzia garraioarekin bateragarriak. Horrekin batera, Altsasu ohiko zabalera duen trenbidearekin lotzea ere. Modernizatzeak ere Europako trenbide zabalera ezartzea ekarri beharko luke, muga pasatzea errazteko". Modernizatze horrek bidaiari gehiago pasatzea eta errentagarritasuna handitzea ekarriko lukeela nabarmendu dute. SakanazNafarroa guztia kontuan hartzen du ikerketak eta haietan Sakana zenbaitetan aipatzen da. Sustrai Erakuntza Fundazioak aurkeztutako txostenak dio ez duela zentzurik milaka milioi euro inbertitzea "denbora pixka bat irabazteko. AHTak Iruñetik Madrilerako bidaia ordu erdi laburtuko luke eta Gasteizerakoa 15 minutu, eta ez litzateke Altsasun geldituko". Nafarroan trenbide sarea gutxiegi erabiltzen dela nabarmendu dute txostengileek. Tren azpiegitura eginez gero Lizarrusti-Altzania eta Aralar mendietan eragin hidrogeologiko handia izanen lukeela nabarmendu dute.