Euria, asmatu berritan bezala

Guaixe 2011ko azaroaren 7a

Danbolin berri, soinu berri esaten du esaerak. Denbora asko pasata zegoen euria gogoz egin gabe eta udazkenean, estreinakoz, egin du, asmatu berritan bezala. Errekek eta ubeldeek gainezka egin dute makina bat tokitan, larreek eta soroek eroritako ur guztia ezin izan dute hartu eta baltsak sortu dira han-hemenka. Hainbat istripu izan dira errepideetan ere, esaterako, atzo iluntzean, Sakanako Autobian (A-10) Bakaiku parean izandako istripua. Horregatik errepidean tentuz ibiltzea aholkatu dute. Larunbatean, baina batez ere igandean uraren mailak gora egin zuen. Errotzen gutxigatik ez zuen ibaiak gainezka egin. Hori bai, urak eramaten zituen  enborrek zubiko oinarri baten kontra jo eta zenbait harri eraman zituen. Hala ere, Urritzolara daraman bidea zabalik dago. Uharte Arakilgo zubiaren parean ubeldeak gainez egin eta Irañetarako errepidea estali zuen, itxita utziz. Arruazun gutxi behar izan zuen ibaiak gainezka egiteko. Ziordiko txipudegi parkean pixka bat atera zen ibaia. Azkenik, Leitzarango Autobia gaur goizaldera arte itxita egon da Gipuzkoako aldean luiziak izan zirelako. Ostiraletik igandera metatutako prezipitazioa Estazioa       l/m2Irurtzun     70,7*Aralar      147,7Etxarri     224,6Urbasa    182,6Altsasu    147*igandekoak falta dira.