Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Udazkeneko lehen euri jasaren ondoren aurkeztu du Leire Salaberriak Euria ari duenean liburua. Album ilustratuak 2011ko Etxepare Saria irabazi du. Andoaindarra 19 lanen artean nagusitu zen eta 6.000 euroko saria irabazi du. Etxepare Saria Nafarroako 14 mankomunitate eta udaletako Euskara Zerbitzuek eta Nafarroako Gobernuak antolatzen duten lehiaketa, haurrendako euskarazko albumak bultzatzeko helburuarekin. Antolatzaileen artean dago Sakanako Mankomunitatea. Album poetikoa da Euria ari duenean, eguneroko errealitateari beste modu batez begiratzen diona. Normalean, hodeiak eta euria tristeziarekin eta umore txarrarekin lotzen dira, baina, hemen, baikortasunerako eta fantasiarako atea dira. Eta egun euritsuetako argia ahula izaten bada ere, egileak kolorez eta kontrastez bete ditu liburuko orrialdeak. Liburua Pamiela argitaletxean argitaratu du euskaraz. Koloretako 32 orrialde dauzka eta 6 urteko haurrendako gomendatzen da. Kalandraka argitaletxeak gaztelaniaz eta galegoz argitaratu du. 13 euro balio du.