Hesian etorkizun itxaropentsuari begira

Guaixe 2011ko azaroaren 10a

Hesian taldeak laugarren diskoa aurkeztu zuen larunbatean Bilbon. Sakandarrak hasierako soinuetara itzuli dira Hitzetik (Oihuka-Elkar) diskoan. "Inoiz baino argiago izan dugu zein emaitza nahi genuen" azaldu zuen Fran Uriasek Beleixe irratian (FM 107,3). Emaitza hori denon eskura dago disko formatuan.GrabazioaHesian taldeko Fran Urias eta Aritz Igoa, Igotxo, Beleixe irratiko (FM 107,3) Beriainpien saioan izan ziren asteartean. Grabazio urte gogorra izan dute eta oraindik ere betekadarekin iritsi ziren. Izan ere, 6 hilabetetan diskoa eta bideoklipak grabatu eta diskoa landu behar izan dute. Esperientziak lana ordenatzen eta banatzen erakutsi die, eta horri esker, emaitza ona lortu dute. Kalitate handiko lana egin dute. Usurbilgo Higain estudioetan grabatu eta nahastu ditu Haritz Harreguyk eta masterizazioa Jonan Ordorikak egin du. Hesian taldeak lehen aldiz Elkarrekin atera du diskoa. Hamaika abestiko diskoa salgai dago Elkar dendetan eta Sakanako zenbait establezimendutan, 10-12 eurotan.EdukiaHitzetik diskoan Hesian taldeak propio dituen ezaugarriak aurkitzen ditugu: musika bizia, erritmo dantzagarriak, haize metalen bultzada eta neska-mutil abeslarien arteko kontrastea. Laugarren diskoak hirugarren abeslaria ekarri du, Zuriñe zizurdarra.  Sakanako taldeak ahots, gitarra eta haize instrumentuen konbinazioa aberats eta jostagarria du. Esperientziak "elementu horiek nahi bezala konbinatzera" eraman ditu. "Lortu nahi genuen emaitzak eskatzen zuten elementuak erabili ditugu". Horrela, lehen aldiz abestiren batean Zuriñek bakarrik abesten du. Bestalde, haizeen presentzia interesatzen zitzaien puntuetara mugatu egin dute. Diskoaren izenak dioen bezala, laugarren lan honetan garrantzi berezia eman diote mezuari. Sakanako taldea etsipenetik esperantzara pasatzen da. "Noraezean diskoaren aurrerapen kantan ez aurrera ez atzera bageunden, azkenean aurrera egin dugu. Beste letrak positiboagoak dira" azaldu zuen Franek Beleixe irratian (FM 107,3). Une itxaropentsu horren fruitua da Hitzetik diskoa. KontzertuakHesian taldeak ez du atsedenik izan urte osoan. Diskoa aurkeztu berritan, lasai hartu nahi izan dute azaroa. Ondoren, abenduan, diskoaren aurkezpen biran sartuko dira buru-belarri. Abenduan Bilboko Kafe Antzokian, Durangoko Ahotsenean, Ondarroako Kafe Antzokian, Gasteizko Jimmy Jazz, Elizondoko Lur aretoan joko dute. Sakanara abenduaren 22an iritsiko dira. Kontzertua eskainiko dute Altsasuko Gaztetxean.Hitzetik (Oihuka-Elkar)Taldekideak: Fran (ahotsa eta gitarra), Xabi (baxua), Etxebe (bateria), Zuriñe (ahotsa), Xabi (gitarra), Eneko (tronpeta), Igotxo (Saxoa), Txamus (tronboia)Grabazioa eta nahasketa: Haritz Harreguy (Higain estudioa)Masterizazioa: Jonan Ordorikawww.hesian.netWeb orrian bideoklipa, kontzertuen datak eta diskoa erosteko lotura GERTUTIKFran Urias eta Aritz Igoa "Igotxo"Kalean duzue 4. diskoa. Zein sentsazio duzue umea erditu ondoren?F: Diskoa oso denbora gutxian egin dugu. Urte hasieran hasi ginen intentsiboki lanean: abestiak lantzen, estudioan gora eta behera, etxean entzun, estudioan landu, zuzenketak egin... Azkenean pixka bat saturatuta amaitzen duzu. Baina distantzia hartuta pozik gaude, emaitza oso ona izan baita.I: Jendeari entzuten diozu gustuko dutela eta diskoa entzuteko gogoa sartzen da. 11 kanta dira, haietatik bi ezagunak. Hemen sartzea behar zen?F: Bihotzetik mundura eta Olatu berdea abestiak disko hau lantzen ari ginen garaikoak dira, testuinguru berdinean sortutakoak. Boiseko (AEB) ikastolakoekin eta Independentisatak sarekoekin hitz egin genuen eta ez zuten arazorik jarri. Abestien letretan garapen bat atzematen da, etsipenetik esperantzara.F: Sentsazio zuzena eta kontzientea da. Disko honetan, bai letra pertsonaletan, bai borrokalarietan baikorragoak izaten saiatu gara. Iluntasunean egon gaitezke, baina argira goaz. Iluna, argia, bihotza, askatasuna... gure diskoetan asko agertzen diren hitz klabeak dira. I: Talde bezala momentu mugitu batetik heldu gara, eta une alaiago batera iritsi gara. Eta politikoki ere esperantza handiko unea bizi dugu. Hori diskoan ikusten da. Diskoetxeak orain arteko lan biribilena dela dio. Indartsua, zitala, samurra...F: Nik uste baietz indartsua eta aldi berean sarkorra dela, entzuteko erraza. Zortzi zarete taldean. Erraza da hori mugitzea?I: Alde horretatik hobetu dugu. Hasiera-hasieratik argi izan dugu zer nahi genuen. Oinarri bat adosten genuen eta ahotsak, gitarrak eta haizeak hor kokatzen genituen. F: Hasieratik argiago izan dugu zein emaitza nahi genuen. Gure tresnak: gitarrak, bi ahotsak, haizeak eta perkusioa dira. Nahi dugu emaitza lortzeko zein tresna eta noiz erabili argiago izan dugu.