Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
The balde dohainik banatzen den kultura, arte eta gizarte edukiak uztartzen dituen aldizkaria da. Aldizkaria elebiduna da: euskaraz eta ingelesez. Mundu zabalean egin eta proposatzen diren eduki interesgarriak Euskal Herrira ekarri eta hemen egiten direnak kanpora zabaltzea da aldizkariaren helburuetako bat. 24x29 zentimetrotako formatuan, aldizkaria osatzen duten 60 orrialdeetan alderdi grafikoari garrantzi berezia ematen zaio, beti ere testuari honek merezi duen tartea gordez. Idatziaren puntu honetara iritsi bazara eta the balde ezagutzeko interesa sortu bazaizu thebalde.net webgunera jo dezakezu. Paperean argitaratzen diren aldizkariak oso osorik irakurtzeko edo pdf-an deskargatzeko aukeraz gain, the balde aldizkariko zenbaki guztiak izango dituzu eskura. Hori gutxi balitz, thebalde.net-eko hasierako orrialdean "appetizerrak" aurkituko dituzu, gaika sailkatuak. Hala nola: arte kalea, eskulanak, diseinua, mapak, arkitektura, animazioa, surfa, bizikletak, komikia, teknologia, musika, argazkilaritza, lorezaintza, ilustrazioak, perfumea, bidaiak, etab. Thebalde.net-eko appetizerrak han eta hemen artista eta sortzaile ezberdinek egiten dutenaren isla dira. Sormenaren mundu zabalean entresaka egin eta aniztasuna eta berezitasunaren irizpideari jarraiki galbahea pasata sortzen den istorio interesgarrien erlazioa.Bertan aurkituko duzu adibidez artista anonimo batek 2001. urtean Montrealgo kaleak margotzeari nola ekin zion. Orduz geroztik bere lanak ugaldu egin dira kaleetan eta ezagunak dira.Edo Reykjavik-eko mapa ilustratuarekin gozatu ahalko duzue; 2 urte eta 3000 orduko lana behar izan ziren gauzatzeko. Crankbunny-ren eskutik paperezko txotxongiloak, animazioak eta beste hainbat proposamen berezi ere badaude. Baita bidaiatu eta ezagutzeko oso leku interesgarriak ere. Aipatutakoak adibide txiki batzuk baino ez dira. Aukera zabala thebalde.net webgunean.Ana Lasa Senar