Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Astiz kontseilariak ez zuen kokapenik aurreratu. Irurtzun eta Altsasu aldean aurreikusiak ditu Nafarroako Gobernuak logistika gune banaOstiralean hasi ziren Cadreitan Abiadura Handiko Trenaren (AHT) Nafarroako lanak. Anai Astiz Sustapen eta Etxebizitza kontseilariak lanetara bisita egin zuen eta han jakinarazi zuen Sakanan AHTari lotutako logistika gune bat egiteko aukera aztertzen ari dela Nafarroako Gobernua. Oraingoz halako gune intermodalak Noainen eta Tuteran daude aurreikusiak. Baina Astizek jakinarazi zuenez, Euskadiko AHTarekin lotura egitea aztertzerakoan hirugarren logistika gunea Sakanan jartzeko lan eginen du Gobernuak. Astizek azaldu zuenez, "oso garrantzitsua litzateke merkantziendako beste gune logistiko bat izatea. Gure lehiakideek (beste erkidegoak) Nafarroatik gertu definitu dituzte". Astizek argudiatu zuen: "mundu guztiak daki halakoak jartzen diren tokietan garapen ekonomikoa egonen dela. Nafarroa iparraldean ere garapen hori indartzea nahi dugu. Batez ere eskualde batzuk ikusita, Sakana esaterako, non deslokalizazioa eta jarduera gelditzen ari den". Astiz kontseilariak gaineratu zuenez, "gizarte kohesioa da. Jendea bere herrietan bizitzea nahi dugu eta horretarako jarduera sortu beharra dago". Bi logistika guneak; gero eta zehaztuago Garraiorako eta Logistikarako Nafarroako Agentziaren (GLNA) web orrian daude Irurtzun eta Altsasu inguruko logistika guneen bideragarritasun ikerketaren aurkezpenak. Ikerketa horiek hiru helbururekin egin zituzten. Alde batetik, gune logistikoa jartzeko inguru bakoitzerako kokapen egokia bilatzea. Bestetik, kokapen bakoitza funtzionalki diseinatzea eta bere bideragarritasun ekonomikoa zehaztea. Eta, azkenik, lehentasunak eta aurrekontu gaitasuna kontuan izanik denbora programazioa egitea. Bideragarritasun eta beharren ikerketak teknikoa egiterakoan "ez zen udal ordezkarien iritzirik jaso objektibotasuna bermatzeko". GLNAk egingarri eta lehentasunezko jo du Altsasu aldeko logistika gunea. Bigarren mailan gelditu da Irurtzun aldekoa, Altsasukoa baino txikiagoa dena. GLNAren asmoa da beste administrazio eta erakunde publikorekin kontzertatzea logistika guneak sustatu edota kudeatzeko. Ekimen pribatuarekin sustapena egiteko aukera ere gaineratzen du, "osotasunean edo zatitan". Intermodalitatea sustatzeko elkarlana ere aipatu du. Bestalde, agentziak gune bakoitzak eskainiko dituen gutxieneko zerbitzuak definituko ditu. Horregatik, zerbitzu komunak eta jarduera intermodalak egiteko lur erreserba eginen du gune horietan. Partzela horien kontzesioa eginen du gero agentziak. Agentziak logistika gune guztien inguruko ikerketak egin ditu. Dokumentazioa eskutan, Nafarroako Gobernua izan beharko da zein logistika gune egiten hasten den. Hasiera batean 2015 eta 2025erako epeak markatzen baziren ere, egun bizi dugun ekonomia-krisiak Nafarroako Gobernuaren erabakian pisua izanen du. Irurtzun aldekoaGLNAk Arakil inguruan garraiorako zerbitzu gune bat jartzea aurreikusi du eta horretarako 5 kokagune aztertu ditu. Aurreikusitako logistika guneak 45.500 metro karratu izanen lituzke, lehendik estimatutakoa baino 4.500 metro karratu gutxiago. Ibilgailuei zerbitzua emateko gunea (gasolindegia, aparkalekua, tailerra...) eta kamioilari eta turismoei zerbitzua emateko gunea (jatetxea, hotela, denda...) lituzke. Logistikarako erabil litekeen pabilioi txikiren bat ere egon daitekeela aurreikusten dute.Altsasu ingurukoaBurunda mendebaldean industria jarduera handia egoteaz gain, garraio eta logistikaren ikuspegitik oso garrantzitsua dela nabarmentzen du agentziak. Altsasu inguruan logistika gunea jartzeko bost aukera aztertu dituzte. Aukeratutako tokian bi fasetan eraikiko litzatekeen 253.000 metro karratuko gunea eraikiko litzateke. Haren kostua 58,2 milioi eurokoa litzateke. Aurretik 50.000 metro karratu handiago egitea aurreikusia zegoen. Altsasu inguruko plataforma logistikoan aurreikusitako zerbitzuak ibilgailuei eta erabiltzaileei zuzenduta daude. Aurreneko multzoan sartuko lirateke kamioiendako aparkalekua, zerbitzu-estazioa, ibilgailuendako, zisternendako eta edukiontziendako garbitokia eta bestelako zerbitzu osagarriak, esaterako: Ibilgailuen Azterketa Teknikoa, motorraren zentroa, ibilgailu eta ordezko piezen erakusketa eta salmenta. Erabiltzaileei dagokienez, logistika guneak halakoak har ditzake: enpresendako bulegoa, hitzaldi gela, atseden gelak, dutxak, garbitegia, jatetxea, kafetegia, hotela eta beste.GLNAko arduradunak logistika gunearen behin betiko kokapena aztertzen ari dira. Ondoren, udalez gaindiko plana egin eta onartu beharko litzateke. Horrek lur-sailak erosteko bidea zabalduko luke. Hirigintza plana etorriko litzateke ondoren eta, azkenik, lanak eginen lituzkete.